Baionako France Bleu irratiko bost kazetari zigortu dituzte, laneko sexismoagatik

Bi kazetariri abisu bat egin diete; beste bi hamalau egun kanporatuko dituzte; eta beste bat betiko kanporatu dute.

Radio France taldearen egoitza, Parisen. YOAN VALAT
2021eko urriaren 29a
18:05
Entzun

Je ne suis pas une salope, je suis une journaliste dokumentala (Ez naiz urdanga bat, kazetaria naiz) martxoan estreinatu zuen Marie Portolano gidoilari eta kazetariak. Kirol kazetari emakumezkoek jasaten duten indarkeria matxistak salatu dituzte bertan hainbat kazetarik, tartean Amaia Cazenave. France Bleu irrati publikoko sarean lan egin du; besteak beste, Baionako delegazioan. Filmaren ondotik, hainbat hedabidek barne inkestak eramanen zituztela hitzeman zuten. Radio France taldeak —France Bleu irratien sarea barnean du— Baionako delegazioko sei langile gizonezko baztertu zituen lanetik: bost kazetari eta animatzaile bat. Bada, taldeak zigorrak jakinarazi ditu gaur. Bi kazetariri abisu bat egin die zuzendaritzak, eta beste bi behin-behinean kaleratuko dituzte, hamalau egun. Azken bat behin betiko kanporatu dute, harekin akordioa lortuta; hala, kalte ordaina emanen diote, erretreta hartu bitarte. Animatzailearen zigorra ez dute oraino jakinarazi. Guztiei, lanean giro sexista batean parte hartzaile izatea egozten diete.

Dokumentala hedatu ondotik, Sibyle Veil Radio Franceko zuzendariak barne inkesta bat eramanen zuela hitzeman zuen: 2021eko martxoan abiatu zuten. Sophie Latraverse zuzenbide adituak egin du inkesta, 80 lekukotasun bildurik. Inkesta horren ondorioak ikusirik, Radio Franceko zuzendaritzak hartu ditu erabakiak. Giza baliabideetako batzarrak urrian entzun zituen bazter ezarritako langileak, Parisen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.