Kazetaritza

Herri auzitegi bat sortu dute kazetarien aurkako hilketen justizia egiteko

Hiru kazetari elkartek sortu dute auzitegia, eta exijitu dute gobernuek betebeharra dutela kazetariak babesteko eta hilketak ikertzeko. Hagan (Herbehereak) egin duteirekiera ekitaldia. Lehen hiru akusazioak Mexiko, Sri Lanka eta Siriako gobernuen aurkakoak dira.

Maria Ressak herri auzitegia sortzeko ekitaldian parte hartu du. DAVID MORALES / EFE
urtzi urkizu
2021eko azaroaren 2a
16:16
Entzun

«Astero kazetari bat hiltzen dute. Egia hiltzea krimen segurua da, hamar hilketatik zortzitan hiltzaileak libre geratzen baitira». Mugarik Gabeko Kazetaritza Librea, Kazetariak Babesteko Batzordea eta Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteek hala esan dute: haiek bultzatuta, herri auzitegi bat sortu dute, mundu osoan hiltzen dituzten kazetarien auzietan justizia egin dadin. «Mundu osoko kazetariak jazarriak, atxilotuak, bahituak eta erailak dira beren lana egiteagatik, egiaren bila aritzeagatik», diote elkarteek. Hagan (Herbehereak) gaur egin dute herri auzitegia martxan jartzeko ekitaldia, eta askotariko elkarteen ordezkariek zein kazetariek eta abokatuek parte hartu dute. Tartean zen Maria Ressa Filipinetako kazetaria —Bakearen Nobel saria jasoko du, Dmitry Muratov Errusiako kazetariarekin batera—. Ressak zera esan du, bideo konferentzia bidez: «Larria da onartzea sare sozialen erabilera kazetariak isilarazteko edo seinalatzeko, eta estrategia hori gobernuen konplizitatearekin ari dira erabiltzen zenbait herrialdetan».

Herri auzitegiak, oraingoz, sei hilabete iraungo du: Kazetarien Aurkako Krimenei Inpunitateari Amaiera Emateko Egunean sortu dute, eta 2022ko Prentsa Askatasunaren Egunean amaituko dute audientzia berezi batekin. Fiskal nagusia Almudena Bernabeu abokatua da, eta lehen akusazioak eman dizkie epaileei. Hiru gobernuren aurkakoak dira aurreneko akusazioak, eta kazetari batzuen hilketetan justiziarik ezarri ez izana salatuko dute hiru auzi saio bereizietan: Sri Lankaren aurkakoa, Lasantha Wickrematunge kazetariaren hilketaren auziagatik; Mexikoren kontrakoa, Miguel Angel Lopez Velasco kazetariaren hilketagatik; eta Siriaren aurkakoa, Nabil Al-Sharbaji kazetariaren hilketaren auziagatik. Herri auzitegiko elkarte sustatzaileek ohartarazi dute «inpunitate jarraitua» egon dela hiru kasu horietan, eta datuak eman dituzte azaltzeko asmoz gobernuek ez dituztela beren betebeharrak bete giza eskubideen alorrean.

Auzitegiaren sorrera ekitaldian, zenbait lekukotza jaso dituzte: Pavla Holcovak azaldu du nolako oztopoak dituzten Jan Kuciaken auzian justizia egiteko —Eslovakiako ikerketa kazetaria 2018an hil zuten tiroz, bere etxean zela—; Matthew Caruana Galizia kazetariak bere amaren hilketaren auzia plazaratu zuen —Daphne Caruana Galizia lehergailu lapa batekin hil zuten Maltan, 2017an—; eta Caoilfhionn Gallagher giza eskubideen abokatuak ohartarazi du lege oztopoak hilketak gertatzen diren estatuaren araberakoak izan ohi direla.

Ekitaldiaren amaieran, auzitegiko bederatzi epaileek hartu dute hitza: Mexikoko Marcela Turati Muñozek hunkituta aipatu du hark berak ezagutzen zituen bost kazetari izan direla erailak. Mexiko da munduan kazetari gehien hiltzen dituzten herrialdeetako bat; joan den astean, esate baterako, bi kazetari hil zituzten tiroz: Fredy Lopez Arevalo eta Alfredo Cardoso Echeverria. Hala ere, itxaropenerako hitzak egin zituen Turati Muñozek: «Herri auzitegi hau aukera bat da mundu osoan gaia plazaratzeko, aukera bat gauzak aldatzeko». Italiako Marina Fortik, berriz, kezkagarritzat jo du kazetaritzari «zilegitasuna kentzeko» dagoen egungo joera. Eta Gianni Tognonik kazetarien eskubideak bermatzeko lanean koordinazioa eskatu du.

NBE: «Gizartean eragina dute»
Nazio Batuen Erakundeak eta Unescok ere munduan urtero hiltzen dituzten kazetarien auziaz hitz egin dute. Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak salatu du kazetarien aurkako hilketen hamarretik ia bederatzi zigorrik gabe geratzen direla. «Kazetarien aurkako krimenek eragin handia dute gizarte osoan; izan ere, eragotzi egiten dute herritarrek erabaki informatuak har ditzaten». Azkeneko urte eta erdian bizi izandakoari ere erreferentzia egin dio Guterresek: «COVID-19aren pandemiak eta desinformazioaren pandemiak erakutsi dute hil edo bizikoa dela herritarrek gertaeren eta zientziaren berri izatea». Unescoko idazkari nagusi Audrey Azoulayk gobernu guztiei eskatu die kazetariak babesteko eta haien aurkako krimenak zigortzeko. Unescok berak infografia bat osatu du hil dituzten kazetarien datuekin.

Beriain eta Fraile

Euskal Herriko bi kazetari ere hil dituzte aurten, Afrikan: David Beriain eta Roberto Fraile. Parke naturaletako ehizari buruzko dokumental batean ari ziren lanean. Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak Adierazpen Askatasunaren Jose Maria Portell saria emango diete datorren astean Beriainek eta Frailek egindako lanari. «Kazetaritza ausart, arriskutsu eta deserosoa egiteagatik» sarituko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.