25na urteko zigorra eskatu dute Bizkaiko lau gizonentzat, Espainian beste gizon bat hiltzea egotzita

2018an hil zuten Javier Ardines Llanesko zinegotzia; gaur hasi da epaiketa, Oviedon. Akusatuetako bati hilketa planifikatzea leporatu diote; beste biri, hilketa gauzatzea diru truke; eta beste bati, bitartekari aritzea.

Akusatuetako bat, iazko udaberrian, epaitegirako bidean. J.L. CEREIJIDO / EFE
2021eko azaroaren 2a
17:14
Entzun

Javier Ardinesen hilketan zer gertatu zen argitzen saiatuko da datozen asteetan Oviedoko Lurralde Auzitegia (Espainia). Gaur, Epaiketaren lehen saioan, Bizkaiko lau bizilagun eseri dira akusatuen aulkian: fiskaltzak 25 urteko kartzela zigorra galdegin du haietako bakoitzarentzat. Auzipetuek, ordea, ukatu egin dute inplikatuta daudela, eta absoluzioa eskatu dute.

2018ko abuztuaren 16an hil zuten Ardines, 52 urte zituela. Llanesko bere etxearen alboan eraso egin zioten, autoan zihoala: hesi batzuk jarri zizkioten bidea oztopatzeko, eta, ibilgailutik jaitsi zenean, jipoitu egin zuten eta gero ito egin zuten. Llanesko Izquierda Unidako zinegotzia zen Ardines, eta, horregatik, hasieran arrazoi politikoekin lotu zuten hilketa. Ikerketak, ordea, beste bide bat hartu zuen handik gutxira, eta hipotesi hori iritsi da epaiketara: fiskalaren arabera, emakume batekin zuen harremanagatik hil zuten Ardines, eta, hain zuzen, andre haren senarrak antolatu zuen hilketa, mendeku gisa.

Hala, fiskalak uste du Pedro N.A.-k «planifikatu» egin zuela Ardinesen hilketa, baina bi gizoni agindu ziela zinegotzia hiltzea, diru truke: 25.000 euro jaso zituen ustez haietako bakoitzak. Beste akusatu bati, berriz, bitartekari aritzea eta ordainketak egitea leporatu diote. Fiskalaren arabera, bi «sikarioak» 2018ko abuztu hasieran saiatu ziren Ardines hiltzen lehen aldiz, eta bi aste geroago itzuli ziren helburu berberarekin.

Lau akusatuetatik hiru Bizkaian bizi ziren, 2019ko otsailean atxilotu zituztenean; bestea, laugarrena, Suitzan bizi zen, baina bizkaitarra da hura ere; Guardia Zibilak Bilbon, Zornotzan eta Erandion egin zituen miaketak. Haien defentsa abokatuek gaur epaiketan adierazi dute ez dagoela «froga zuzeneko eta objektiborik» haien aurka, ez baitago lekukorik, grabaziorik edota DNA frogarik; izatez, hilketa gauzatzeaz akusatutako bi gizonek ukatu egin dute garai hartan Asturiasera joan izana, baita beste bi auzipetuak ezagutzea ere. Fiskaltzak berak onartu du ez dagoela zuzeneko frogarik, baina herri epaimahaiari ohartarazi dio berdin ebatz dezakeela akusatuak errudun direla: «Badira nahikoa zantzu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.