Jaurlaritzak AHTra bideratu nahi du Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren aurrekontuaren %9

Iñaki Arriolak aurkeztutako planaren arabera, alokairu sozialeko 1.450 etxebizitza eraikitzen hasteko asmoa dute, eta gazteen emantzipazioa helburu duen Gaztelagun programa 3.500 gazterengana iristea nahi dute. Sailaren aurrekontuaren %65,11 garraiora bideratuko dute.

AHTa eraikitzeko lanak, artxiboko irdui batean. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko azaroaren 3a
17:01
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren 2022ko aurrekontu proposamenaren berri eman du Iñaki Arriola sailburuak. Orotara, 564,4 milioi euro bideratu asmo dituzte sail horretara, aurten baino %11,4 gehiago. Sailaren aurrekontuaren %65,11 garraiora bideratuko dute; % 30,38, etxebizitzara; eta %3,36, lurralde plangintzara. Beste %1,15 sailaren langile gastuetarako eta funtzionamendu gastuetarako izango da, batez ere. AHT Abiadura Handiko Trenarentzat izango dira 51,9 milioi euro.

Aurrekontuari atalez atal erreparatuta, ia 19 milioi euro erabiliko dituzte «sozialki kohesionatua, orekatua eta jasangarria» den lurraldea bultzatzeko. 2022an Itsasertzeko Lurralde Plan Sektoriala eta Araba Erdialdeko eta Arabako Errioxako eremu funtzionalen Lurralde Plan Partzialak aurreratu nahi dituzte, eta Turismoko Lurralde Plan Sektorialaren prozesua eta Debagoieneko eta Debabarreneko eremu funtzionalen Lurralde Plan Partzialen prozesuak abiatu nahi dituzte. Hiriak leheneratzeko 11 milioi euro ere erabili asmo dituzte. Horretaz gain, lurralde plangintzan eta hirigintzan genero ikuspegia ere txertatu nahi dute, udalei 200.000 euroko laguntza emanez.

Etxebizitzaren alorrerako 171,5 milioi euro erabiliko dituzte, aurten baino hamar milioi euro gehiago. «Alokairuaren alde, etxebizitzarako eskubide subjektiboaren eta prestazioen kudeaketaren beste etapa baten alde» egin nahi dute, ohar bidez azaldu dutenez. Besteak beste, alokairu sozialeko 1.450 etxebizitza eraikitzen hasi nahi dute; Bizigune programak —etxebizitza hutsak kudeatzen dituzte— 7.600 etxebizitza izatera iristea, gazteen emantzipazioa bultzatzen duen Gaztelagun programa —gazteen emantzipazioa du helburu— 3.500 gazterengana ailegatzea, eta alokairuko babes publikoko 1.100 etxebizitzatarako lurzoru berriak erosi nahi dituzte.

Garraioaren atalak izango du pisurik handiena: 367,5 milioi euroko aurrekontua izango du. Batez ere, trena bultzatuko dute: 91 milioi Euskotrenentzat izango dira, Euskotren-Eusko Trenbideak sozietate publikoak 107,8 milioi euroko aurrekontua izango du, eta Donostiako Toporako 25,3 milioi euro erabili nahi dituzte, besteak beste. Gainera, AHTrako 51,9 milioi euro erabiliko dituzte; horietako 48,2 milioi Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko ditu, eta 3,7 milioi finantzaketa propiokoak izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.