Hezkuntza

Hego Euskal Herriko eliteko pertsonen %43,6k unibertsitate pribatuetan ikasi dute

'Hego Euskal Herriko eliteak. Boterearen azterketa' ikerlana argitaratu dute Ipar Hegoa eta Manu Robles Arangiz fundazioek. Hego Euskal Herriko eliteko pertsonek non ikasi duten aztertu dute.

Nafarroako unibertsitatearen fakultate bat, artxiboko irudian. NAFARROAKO UNIBERTSITATEA
Irati Urdalleta Lete.
2021eko azaroaren 4a
16:17
Entzun

Boterean dauden pertsonek zein unibertsitatetan ikasi duten aztertzen dute Hego Euskal Herriko eliteak. Boterearen azterketa liburuan. Ipar Hegoa eta Manu Robles Arangiz fundazioek argitaratu dute, eta Jon Diaz izan da ikerketaren buru. Gaur aurkeztu dute, Donostian. Libururako Hego Euskal Herriko eliteko 3.953 pertsona aztertu dituzte, eta horietatik 2.806ren curriculumak lortu dituzte. Bertako datuen arabera, %43,6k unibertsitate pribaturen batean ikasi dute. Kontuan hartu behar da gizartean presentzia txikiagoa dutela unibertsitate pribatuek: Hego Euskal Herriko ikasleen %32,7 hartzen dituzte.

Lehenik eta behin, hau da elitearen definizioa, liburuan jaso dutenez: Ā«Elitekoak ospe, eragin eta lansari edo soldata garaiak dituzten populazio taldeak dira. Pribilegioz eta abantailaz hornituta dauden eta familia oparoetan jaio diren populazio taldeak dira. Boterea eta eragina dutenak, beren erabakiekin gizarteko bizimodua baldintzatu, eta etorkizunean eragina izan dezaketenakĀ». Gisa horretako 3.953 pertsona identifikatu dituzte libururako, elite politikokoak, ekonomikokoak eta kulturalekoak edo intelektualekoak direnak.

Liburuan datu esanguratsu batzuk jaso dituzte, arloz arlo. Eliteko politikariei dagokienez, adibidez, eusko legebiltzarkideen %35,6k ikasi dute unibertsitate pribatuetan; Nafarroako parlamentarien %48,5ek; Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako agintarien %52,5ek; Eusko Jaurlaritzako goi kargudunen %46,6k; eta Nafarroako Gobernuko goi kargudunen %44,9k. Beste arlo batzuetan ere, antzera: Osasunbideko eliteko kideen %46,7k egin dituzte ikasketak unibertsitate pribatuetan; EITBko %39,6k; eta enpresa pribatuetako eta kooperatibetako zuzendarien eta gerenteen %49,1ek. Ehuneko horiek biztanleria orokorraren ehunekoen nabarmen gainetik daude: liburuan jaso dutenez, Hego Euskal Herriko ikasleen %32,7k ikasten dute unibertsitate pribatuetan.

Aldea dago unibertsitate pribatu batzuen eta besteen artean ere. Deustuko Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitatea gailentzen dira. Adibidez, Deustuko Unibertsitatean ikasi dute legebiltzarkideen %34k eta Eusko Jaurlaritzako goi kargudunen %43,9k; aldiz, Nafarroako Unibertsitatera joan dira Nafarroako parlamentarien %52 eta Osasunbideko eliteko kideen %70. Orokorrean, Nafarroako Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak ikasleen %13,4 eta 12,6 hartzen dituzte, hurrenez hurren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.