COVID-19 larria pairatzeko arriskua %90 murrizten duen pilula esperimental bat aurkeztu du Pfizerrek

Farmazia multinazionalak gaur aurkeztu ditu 775 boluntariorekin eginiko azterketen emaitzak

Molnupiravir botika aurkeztu zuten atzo. Pfizerrena COVID-19aren aurkako bigarena litzateke. EFE/EPA/HANDOUT
Ion Orzaiz.
2021eko azaroaren 5a
13:22
Entzun

Pfizer farmazia enpresak iragarri du prest duela COVID-19a tratatzeko pilula esperimental bat, eta, azken hilabeteetan eginiko ikerketen arabera, zeharo murriztuko lituzke ospitalizazio eta heriotza arriskuak birusak kutsatutakoen artean. Zehazki, %89 murriztuko litzateke COVID-19arengatik ospitaleratua izateko edo hiltzeko arriskua.

Konpainiak gaur aurkeztu ditu botika horrekin eginiko ikerketen emaitzak. 775 heldurekin egin zituzten probak, eta ikerlariek ondorioztatu zuten Pfizerren medikamentua beste antibiral batekin batera hartu zuten pazienteek %89ko murrizketa izan zutela ospitalizazio edo heriotza tasa konbinatuan, plazeboa hartu zuten gaixoekin alderatuta.

Osasun agintarien oniritziaren zain, Pfizer hasia da jada sendagaia ekoizten, eta 180.000 pilula kutxa baino gehiago ekoitzi nahi ditu urte amaierarako. Enpresaren arabera, lanean ari dira 2022ko ekainerako 21 milioi kutxa prest izateko, eta 50 milioi banatzeko 2022 urte osoan.

Bigarren pilula esperimentala

Pfizerrena ez da COVID-19aren aurkako lehen botika. Joan den astean, Sendagaien Europako Agentzia EMAk iragarri zuen Merck botika etxearen molnupiravir ahozko antibirala berrikusteko prozesuan zegoela, eta atzo oniritzia eman zion botika hori «larrialdi egoeretan» erabiltzeari. Marco Cavaleri EMAko kideak jakinarazi zuenez, egindako azken ikerketek erakutsi dute botikari esker murriztu egiten dela koronabirusa gorputzean garatzeko aukera, eta horrek, aldi berean, gutxitu egiten duela gaitzarekin larri gaixotu edota hil daitezkeenen kopurua.

Botika horrek ez du lortu oraindik merkaturatzeko baimenik, baina Cavalerik argitu zuen baimen hori iritsi bitartean estatuek aukera izango dutela botikari «larrialdi erabilera» emateko. Orain arte, Erresuma Batuak baino ez du onartu antibiral horren erabilera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.