Koronabirusa

Azoka eta merkatuetan «katxietan» edatea debekatu du Eusko Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak berritu egin ditu azoka eta merkatuetako osasun jarraibideak. Besteak beste, postuetara bideratutako azalerak eta postuen arteko distantziak handituko dira, azoka eta merkatuetan pertsonentzako igarobide korridoreak jarriko dira, eta horietatik kanpo egongo dira elikagaiak eta edariak kontsumitzeko tokiak.

Azoka bat Laudion (Araba), artxiboko irudian. MONIKA DEL VALLE/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko azaroaren 5a
13:26
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguneratu egin ditu ari librean egiten diren azoka eta merkatu tradizionalak antolatzeko osasun publikoko jarraibideak. Ohar bidez jakinarazi ditu aldaketak, eta, horien arabera, zazpi neurri bete beharko dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako azoka eta merkatuek hemendik aurrera.

Batetik, postuetara bideratutako azalera handitzea erabaki du Jaurlaritzak, eta, horretarako, udalek gune berriak atondu beharko dituzte azoka eta merkatuetarako. Azoka eta merkatuetako postuek elkarren artean bananduta egon beharko dute, jende pilaketak murrizteko. Hori egiteko, azoka eta merkataritza eremu bakoitzean postuen kopurua %25-%30 artean murriztu beharko da.

Bestetik, azoka espazioetan pertsonen pilaketak gertatu ez daitezen, igarobide korridoreak ezarri beharko dira. Eta elikagaiak eta edariak kontsumitzen diren tokiak edo txosnak korridore horietatik kanpo jarri beharko dira. Horrekin batera, Osasun Sailak jakinarazi du azoketan eta merkatuetan edariak ezin izango direla «edukiera handiko ontzietan» saldu edo zerbitzatu, adibidez, «katxietan»; neurri horrekin, edalontziak partekatzea saihestu nahi du Osasun Sailak. Halaber, azokaren espazioetan, horretarako baimendutako postuetan edo txosnen eremuan baino ezin izango dira kontsumitu elikagaiak eta edariak; udalek prestatu beharko dituzte txosna horiek jartzeko tokiak.

Beste bi neurri ere bete beharko dira gune horietan. Batetik, postuetan gel hidroalkoholikoa erabili beharko da. Bestetik, maskara nahitaez erabili beharko da, eta horren erabilera abisuen eta kartelen bidez jakinarazi.

Osasun Sailetik esan dutenez, neurri horiek COVID-19aren transmisio maila moderatuarekin indarrean egongo dira, hau da, tasa 100.000 biztanleko 150 kasuen azpikoa denean. Ordea, egoera epidemiologikoak okerrera eginez gero, eta birusaren transmisioak gora egiten badu, neurriak berriro berrikusiko ditu Osasun Sailak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.