Kaleratze «ideologiko» bat egin izana egotzi diote Deustuko Unibertsitateari

Adrian Almazan irakaslearen kaleratzearen atzean teknologiarekiko eta kapitalismoarekiko duen jarrera dagoela uste dute hainbat eragilek.

Almazanen kaleratzea salatzeko Bilbon egindako agerraldia. STEILAS
2021eko azaroaren 8a
16:20
Entzun

Deustuko Unibertsitateak Adrian Almazan fisikari eta filosofoa «ikuspegi kritikoa» agertzeagatik kaleratu duela salatu dute gaur goizean hezkuntzari eta ekologismoari lotutako hainbat eragilek.

Almazan irakasle laguntzailea doktore gisa kontratatua zuen Deustuko Unibertsitateak 2020-2021 ikasturtearen hasieran, eta «normaltasun osoz» jardun du orain arte, Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko Etika Aplikatuko Zentroan. Are, unibertsitateak berak irakasle kaleratuaren lanaren «ebaluazio bikaina» egin du, salaketa egin duten erakundeen arabera.

Hala eta guztiz ere, irakasle hori kaleratu egin dute, «idatzizko arrazoirik» aurkeztu gabe, erakundearekin bat ez datorrela eta «arduradunen nahietara» egokitzen ez zela argudiatuta.

Alabaina, Ekologistak Martxan, Steilas, LAB, ESK eta Gune Ekosozialista erakundeetako ordezkariek uste dute Almazanek teknologiarekiko eta kapitalismoarekiko duen «ikuspegi kritikoari» zor zaiola kaleratzea, eta baita hainbat mugimendu sozial eta ekologistatan duen «militantzia aktiboari» ere.

Eragileen arabera, unibertsitateak «zentsura ideologikoa» egin du kaleratzearekin. Diotenez, enpresa eta teknologia talde handiak «agenda berde eta digital» bat inposatzen ari dira, «modu sotilean». Hori ikusita, Almazini elkartasuna helarazi diote, eta «katedra askatasunaren» alde egiteko eskatu dute, «krisi ekologikoaren eta haren irtenbide faltsuen aurrean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.