Euskara

Egunean Behinek bikoiztu egin ditu telefonoa euskaraz duten erabiltzaileak

Hatz marka euskaraz egitasmoari esker, astebetean %13,69tik %27,37ra ugaritu dira telefonoa euskaratua duten erabiltzaileak. Dena den, «oso ehuneko minoritarioak» direla azaldu dute.

Egunean Behin jokoaren finala, Azpeitian (Gipuzkoa), 2019ko abenduan. GORKA RUBIO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2021eko azaroaren 8a
17:34
Entzun

«Aste honetan Egunean Behin aplikazioak esango dizu telefonoa euskaraz duzun ala ez». Mezu horrek eman zien ongietorria Egunean Behin jokoaren erabiltzaileei joan den astean, azaroaren 1etik 8ra. Jarraian, emoji batek jakinarazten zien mugikorraren hizkuntza: telefonoa euskaratu gabe zutela adierazten zien gorriak, edo euskaratuta zutela baieztatzen zien berdeak.

Sakelakoa euskaratzeko Hatz marka euskaraz kanpainaren parte zen egitasmoa, eta emaitza bikainak izan ditu: egitasmoa hasi aurretik Egunean Behinen erabiltzaileen %13,69k zuten sakeakoa euskaratua, eta, orain, astebete geroago, %27,37k. Hala jakinarazi dute gaur aplikazioaren arduradunek.

Egunean Behinek sistema eragileka ere eman ditu datuak: «iOS eta Androiden arteko erabilera portzentaia 80/20 nahiko biribil batean banatzen da euskaldunon artean. Gero, euskaratuagoa dute telefonoa Android dutenek; baina eragin handiagoa izan du kanpainak iPhonea dutenen artean», azaldu dute. Zehazki, Android mugikorretan %14,82tik %28,84 handitu da euskaratuen ehunekoa, eta iPhonetan, %9,2tik %21,53ra.

Minoritarioak

Dena den, aipatu dute ehunekoak minoritarioak direla oraindik ere: «Euskaraz nabigatzen dugun bitartean, euskarazko edukiak eta zerbitzuak erabiltzen, erdarazko konfigurazioarekin ari gara euskaldun gehienak». Horregatik, Interneten ere lehen hitza euskaraz ematearen garrantzia azpimarratu dute Egunean Behinen garatzaileek, eta gogorarazi dute sakelakoak euskaratzeko tutorialak daudela Hatz marka euskaraz-en webgunean.

Azkenik, eskerrak eman dizkiote Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari kanpaina sustatzeagatik. Gainera, azaroaren 7a baino lehen sakelakoa euskaratu zutenen artean hamabi Samsung A12 telefono zozkatu dituzte. Irabazleak Egunean Behinen aplikazioan ikus daitezke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.