Bihar hasiko da MarxFem konferentzia

Hiru egunez, izen handiko pentsalariek parte hartuko dute marxismoaren eta feminismoaren inguruko hausnarketan. Azkenean online egingo dute konferentzia, baina Euskal herriko errealitateak ere bere lekua izango du.

Nancy Fraser filosofoa izango da MarxFem konferentziako hizlarietako bat. J. DANAE
Maite Asensio Lozano.
2021eko azaroaren 10a
17:07
Entzun

Marxismoaren eta feminismoaren uztarketaz eztabaidatuko dute datozen egunotan MarxFem Nazioarteko IV. Konferentzian. Bihar abiatuko da, 16:30ean, eta larunbat gauera arte marxismoan erreferente diren hainbat feminista izango dituzte hizlari. Bilbon egitekoak ziren, baina azkenean online izango da.

Bi ildo nagusi egongo dira konferentzian. Lehenik, hitzaldi nagusiak izango dira, Feminismo garaikidearen erronkak eta analisiak izenburupean; horietan parte hartuko dute, besteak beste, Silvia Federici, Lorena Cabnal, Tithi Bhattacharya, Elsa Dorlin, Nancy Fraser, Ochy Curiel eta Christine Delphy pentsalariek. Feminismo Marxistaren XIII tesiak ere aurkeztuko dituzte, lan hori kudeatu duen filosofoaren partaidetzarekin: Frigga Haug. Bigarrenik, panel ugari izango dira, askotariko gaiak jorratzeko: lana, erreprodukzio soziala, intersekzionalitatea, estatugintza, dekolonialitatea... Leku berezia izango du Euskal Herriko errealitateak ere: greba feministak eta militantziaren egoera aztertuko dituzte.

Izan ere, Jule Goikoetxea antolakuntza batzordeko kidearen hitzetan, horixe izan da konferentziaren helburuetako bat: «Euskal Herriko, Kataluniako eta estaturik gabeko nazioen ikuspegia txertatu nahi dugu Europako ezkerrean. Eta hegoalde globaleko ahotsak ere ekarri nahi izan ditugu, aurreko ekitaldietan haien falta sumatu izan baita». Gogoeta zabala egin nahi dutela nabarmendu du: «Gure asmoa da marxismo-feminismoaren inguruko hausnarketak egitea, barrutik zein kanpotik; alegia, elkarrizketan jartzea korronte desberdinak, elkar elikatzea eta aberastasun hori profitatzea». Ikuspegi uztarketa hori feminismoaren eremuetara ere eraman dute: «Ekarri ditugu militantzian eta akademian (edo ikerketan) aldi berean dabiltzan hizlariak, bi lekuetatik hitz egin dezaten».

Online ikusteko hainbat modu

Ezkerreko eta akademiako zenbait eragilek antolatu dute MarxFem konferentziaren laugarren aldi hau, hala nola Transform! Europe, Euskal Herriko Unibertsitatea, Iratzar Fundazioa, Critical Theory Bilbo-Barcelona, Rosa Luxemburgo fundazioa eta Berliner Institut für Kritische Theorie erakundeek. 2020ko udazkenean egitekoak ziren kongresua, Bilbon —mila lagun baino gehiago zeuden izena emanda—, baina, pandemiaren ondorioz, atzeratu egin zuten iaz, eta azkenik online izango da. Antolatzaileek webgunean eta sare sozialetan zabaldu dituzten plataformen bidez ikusi ahalko dira hitzaldiak eta panelak, aurrez izena eman beharrik gabe; aldibereko itzulpena izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.