Funtzio publikoa

Oposizio arrunta gainditu gabe funtzionario izateko atea ireki dute

Jaurlaritzak dio ‘Iceta legearen’ aldaketek bidea emango diela «milaka» langile publikori enplegua egonkortzeko. Lanpostu publiko bat bost urtez betez gero ordezkoak finko egiteko akordioa «ELAk egindako proposamenaren ildotik doa». LABek, berriz, uste du akordio horren bidez ez direla «pertsonak» kontsolidatuko, «lanpostuak baizik».

Langile publikoen protesta bat, Donostian, enplegua egonkortzeko. GORKA RUBIO7 FOKU
xabier martin
2021eko azaroaren 12a
13:11
Entzun

EAJk eta PSEk onartuta, atzo EAEko Kidego eta Eskalen Legeak baztertu egin zuen LEP berezi bat egitea ordezko gisa jarduten duten 55.000 langile publikoren enplegua egonkortzeko, eta, handik ordu gutxira, EAJk berak ituna egin zuen Espainiako Gobernuarekin, bost urtez jarraian lanpostu berean jardundako ordezko publikoak funtzionario izan daitezen oposizio arruntik gainditu gabe. Iceta legeak zenbait aldaketa jasoko ditu, beraz, eta horrek bete-betean eragingo du atzo bertan Eusko Legebiltzarrak onartutako Kidego eta Eskalen Legean.

Emaitza da Olatz Garamendi Funtzio Publikoko sailburuak berak «denbora gehiago» eskatu duela Madrilgo ituna aztertzeko, litekeena baita lege onartu berriak moldaketak jasotzea Espainiako Kongresuko akordiora egokitzeko. Enplegua finkatu nahi duten ordezko publikoei aukera berezia emateko lirateke aldaketa horiek, bost urteko jardunaren baldintza betetzen badute. Edonola ere, Garamendik onartu du «milaka» langile publikori eragingo dietela Madrilen egindako aldaketek.

Euskal sindikatuek ez dituzte berdin hartu Iceta legean egingo diren aldaketak. Aspaldian ari dira eskatzen ordezkoen enplegua egonkortzeko mekanismo eraginkorrak, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Europako behin-behinekotasun tasarik handiena baitago: %42 ingurukoa. Baina ez dago adostasunik hartu berri diren erabakien inguruan. «ELAk egindako proposamenaren ildokoak dira» erabaki horiek, Mitxel Lakuntza idazkari nagusi duen sindikatuaren arabera, eta «aurrerapauso bat» dira. LABek, berriz, uste du akordio horren bidez ez direla «pertsonak» finkatuko, «lanpostuak baizik».

Espainiako Gobernuak, EAJk eta ERCk adostutako zuzenketak hiru puntu aldatzen ditu. Sei hilabetez luzatuko da egonkortze prozesuetarako epea, batetik. Lehenago, prozesuak 2021eko abenduaren 31rako onartuta egon behar zuen, eta deialdia eginda; orain, epea 2022ko ekainaren 1ean bukatuko da.

LAB oso kritiko da Madrilgo itunarekin

Bigarren aldaketa da «oposizio kanporatzailearena», ELAren arabera. Orain, oposizio ez-kanporatzailea izateko «aukera badagoela» dio. Gainera, hiru xedapen gehigarri ezartzen dira, eta horietan aipatzen da aukera izango dela, salbuespen gisa eta behin bakarrik, meritu lehiaketa bat egiteko lanpostu jakin batzuentzat. Hor zabalduko litzateke funtzionariotzaren atea milaka langile ordezkorentzat.

«Hiru aldaketa hauekin, testua hobetu egingo da», esan du ELAk, eta Legebiltzarrean bozkatutako Eskalen Legea «nabarmen» uzten dutela ere bai. Baina egingo diren aldaketak «ez dira nahikoa», ELAren arabera, «finkatzeko aukerarik gabe uzten baititu milaka langile publiko». Izan ere, egiturazko lanpostu asko ez daude etenik gabe beteta, esaterako, osasungintzan eta hezkuntzan. «Eremu horietan dago behin-behineko langile gehien. Hezkuntzan, bitarteko irakasleen izendapenak ikasturtearen amaiera bakoitzean eteten dira; eta osasunean, batzuetan lehenago».

LABek bestelako balorazioa egin du. Esan du ezen, «behin-behineko langileen egoerari konponbide serio eta adostu bat bilatu ordez», EAEko agintariek muzin egin diotela lanpostuak finkatzea lortzeari, Kidego eta Eskalen Legea onartuz. Hori gertatu eta ordu gutxira, albistea iritsi zen Madrildik: EAJk adostu zuen Espainiako Gobernuarekin Iceta legea aldatzea, bost urte lanpostu berean daramaten ordezkoak funtzionario bihurtu daitezen mekanismo berezi baten bidez.

«Esku batekin untxi bat ateratzen zuten bitartean, Madrilen beste eskuarekin zartada eman zuten, eta zuzenean bost urtez etengabe beteta egon diren lanpostuak merezimendu lehiaketa bidez finkatzea adostu dute». LABek dio akordio horren bidez ez direla «pertsonak» kontsolidatuko, «lanpostuak» baizik: «Eta euskal administrazioetan sor dezakeen anabasa itzela izan daitekeela uste dugu».

Gauzak horrela, ikusteko dago Iceta legea nola egokitzen den Hego Euskal Herrian, bai eta juridikoki arazoak sortuko ote diren ere funtzionarioak egitekoa den arau bereziarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.