Motoziklismoa

MotoGPk agur esan dio Valentino Rossiri

Il Dottore-k gaur jokatu du bere azken lasterketa Valentzian (Herrialde Katalanak). Bederatzi aldiz izan da munduko txapeldun —zazpi aldiz MotoGPn—, eta motoziklismoaren ikur nagusia izan da azken bi hamarkadetan.

Rossi, gaur, lasterketa amaitu ostean. KAI FöRSTERLING / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko azaroaren 14a
15:56
Entzun

MotoGPko zirkuituetan ez da berriz ibiliko Il Dottore. Ez da berriz ikusiko 46 zenbaki horia. Ez ditu lasterketa gehiago irabaziko Valentino Rossik. Italiarrak amaitutzat jo du bere ibilbide oparoa, gaur, 42 urterekin, Valentziako (Herrialde Katalanak) Ricardo Tormo zirkuituan. Hamargarren amaitu du —aurten lortu dituen postuetarik onenetakoan—, baina gutxienekoa izan da hori.

Izan ere, txapeldun handia izateaz gain, motoziklismoak azken bi hamarkadetan izan duen ikurrik handiena da Rossi. Azkarra izateaz gain, karisma handia duelako, eta mundu osoan milaka jarraitzaile dituelako. Garaipen zerrenda oparoa du: bederatzi aldiz izan da munduko txapeldun —zazpi aldiz MotoGPn—, eta 115 garaipen lortu ditu 1996an debuta egin zuenetik, duela 26 denboraldi.

Gaur, Valentzian, aurreikusita zegoenez, hainbat omenaldi egin dizkiote: besteak beste, box batean bildu dituzte munduko txapelketak irabazteko baliatu dituen bederatzi motorrak, grafiti bat egin dute haren aurpegiarekin, eta hark duen VR Academy taldeko kideak Rossiren bereizgarri diren kaskoekin irten dira zirkuitura. Emazteak eutsi dio aterkia lasterketa aurretik, eta besarkatuz agurtu dute elkar, Rossiren azken itzulien aurretik.

Azkena ez da izan Rossiren denboraldirik onena, inondik inora ere —sailkapen nagusian 18. amaitu du—, baina duin amaitzea lortu du gaur. Azken egunetan, ordea, aitortu du baduela hamargarren txapela jantzi ez izanaren arantza; azken aldiz, 2015ean izan zuen gertu, baina azken orduan kendu zion Marc Marquezek. Senidez eta lagunez inguratuta, malko artean agurtu da Il Dottore.

Ibilbide oparoa

Rossiren ibilbidean zehar garaipen gogoangarriak eskuratu ditu 46.ak. Haren hitzetan, garrantzitsuena, 2004 Hegoafrikan lortu zuena: Yamaha markako motor batekin eskuratu zuen lehenengoa izan zen. Izan ere, horren aurretik, Hondako pilotua zen Rossi, baina dena irabazten zuen talde hura utzi egin zuen italiarrak. Askok zorotzat jo zuten.

Etsai eta aurkari asko izan ditu Rossik, belaunaldi ezberdinetakoak: Sete Gibernau, Max Biaggi, Casey Stoner, Jorge Lorenzo, Marc Marquez... guztiekin izan ditu bere gorabeherak, baina gaur gehienak Valentzian izan dira italiarra agurtzeko.

Eta orain, zer? Rossik esan duenez, goitik behera aldatuko zaio bizitza; hasteko, lehen aldiz aita izango delako. Abiadura, ordea, ez du alde batera utziko: automobilismoan murgiltzeko asmoa erakutsi izan du, eta gidarien akademiarekin ere jarraituko du. Pilotu soil bat baino gehiago izan da Il Dottore.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.