Koronabirusa

Hego Euskal Herriko 60 eta 69 urte bitarteko herritarrei hirugarren dosia emateko aukera ireki dute

Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioko txertoen batzordeak esan du «logikoa» dela adin tarte hori izatea dosi gehigarria jasoko duen hurrengoa.

COVID-19aren aurkako txertaketa. JON URBE/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko azaroaren 15a
16:57
Entzun

Espainiako Gobernuko Osasun Publikoko Batzordeak —Madrilgo eta erkidegoetako gobernuak daude ordezkatuta hor— joan den urriaren hasieran erabaki zuen 70 urtetik gorako herritarrei hirugarren dosia ematen hasiko zirela. 65 urtetik gorakoei, berriz, bigarren dosia jarri zietenetik sei hilabete betetzen direnean jartzeko asmoa agertu zuen. Bada, gaur, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioko txertoen batzordeak 60 eta 69 urte bitarteko pertsonei COVID-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia emateko gomendioa eman dio Osasun Ministerioari. Batzorde horretako iturriek Efe agentziari jakinarazi diotenez, 60 urtetik gorako pertsonen sistema immunitarioa indartzea komeni da, adinarekin azkarrago zahartzen delako. Batzordeak uste du «logikoa» dela 60-69 adin tartea izatea hirugarren dosia hartzen hurrengoa. Gripearen txertoarekin batera emateko ere gomendatu du batzordeak. Hirugarren dosia noiz emango duten ez dute oraindik erabaki. Espainiako Gobernuko Osasun Publikoko Batzordeak berretsi beharko du erabakia; hala eginez gero, Hego Euskal Herriko 60 eta 69 urte bitarteko herritarrek aukera izango lukete hirugarren dosi hori hartzeko.

Gainera, Nafarroan gaur hasi dira Johnson & Johnson botika etxearen Janssen txertoa hartu duten herritarrei bigarren dosi bat jartzen. Dosi bakarrekoa da Janssenena, eta hura hartu dutenek aukera dute Pfizerren edo Modernaren txertoaren dosi bat hartzeko. Nafarroan, 21.000 herritar inguruk hartu dute Janssenen txertoa.

Hipra txertorako boluntario bila

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, Osakidetzak parte hartuko du COVID-19aren aurkako Hipra txertoaren eraginkortasuna eta segurtasuna frogatzeko ikerketa batean. Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketako Institutuak egingo du azterlana, Espainiako beste bederatzi zentroekin batera, eta horretarako aurretik Pfizerren txertoa hartu duten 18 urtetik gorako 110 boluntario behar ditu.

IIB fasean dago Hipra txertoaren saio klinikoa. Ikerketaren helburua hau da: jakitea ea Hipra txertoaren errefortzu dosi batek Pfizerren txertoa hartu dutenen koronabirusaren aurkako erantzun immunologikoa luzatzen duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.