Emakumeak Gerraren Aurka eragileak salatu du NATOren mila militar baino gehiago mobilizatu dituztela Gasteizko Arakako kuartelera

Emakumeak Gerraren Aurka eragileak kontzentrazio batera deitu du ostiralerako, ‘NATO Euskal Herritik kanpora! Ez Gasteizen, ez inon!’ lelopean. Askapena Euskal Herriko erakunde internazionalistak ere bertaratzeko deia egin du.

NATOko soldaduak entrenamendu militarra egiten, Polonian. TOMASZ WASZCZUK/ EFE
unai etxenausia
2021eko azaroaren 17a
14:06
Entzun

NATOren mila militar baino gehiago trebatzeko aukeratu dute Gasteizko Arakako basea. Urriaren 27an hasi ziren tropak Beterako kuartel militarretik (Herrialde Katalanak) Arakako kuartel militarrera lekualdatzen, eta, oraingoz behintzat, ez da etengo tropen mugimendua. Emakumeak Gerraren Aurka taldeak kontzentraziora deitu du ostiralerako Gasteizen, NATO Euskal Herritik kanpora! Ez Gasteizen, ez inon! lelopean. Dato eta Postas kaleen arteko bidegurutzean izango da elkarretaratzea, 19:30ean. Askapena Euskal Herriko erakunde internazionalistak ere bat egin du mobilizazioarekin, eta bertaratzeko deia egin du; tropen mugimendua «oharkabean ez pasatzeko».

Erakunde internazionalistako kideek gogor salatu dute mundu mailako «potentzia inperialista» Euskal Herrira etorri izana, eta gogorarazi dute aurretik ere erabili izan dutela Euskal Herria entrenamendu militarrerako: «NATOk gure lurraldea erabiltzen jarraitzen du operazioetarako, hala nola Bardeatako basea, eta, egunotan, Arabako base militarra. Zoritxarrez, horiek ez dira Euskal Herriak inperialismoarekin dituen konplizitate bakarrak». Argi daukate erakunde internazionalista gisa beren betebeharra dela «militarizatzeko» azken saiakera honi aurre egitea. «Argi adierazi behar dugu ez ditugula militarrak eta NATO gure lurretan onartuko, ezta beste inon ere», gaineratu dute.

Are, Gasteiz eta inguruak militarizatuko dituztela ohartarazi dute Askapenakoek, eta esan dute, adibidez, errepideetako kontrolak «areagotzea» ekarriko duela tropen presentziak. Hala, 1949an sortu zenetik, NATO «munduko miseriaren» eragileetako bat dela nabarmendu dute, eta sortu zenetik orain arte hainbat herrialdetan izandako esku hartzeak gaitzetsi dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.