Koronabirusa

Salatu dute Jaurlaritzak kendu egin duela epidemiologoen kategoria

Osasun publikoko langileak eta epidemiologoak kategoria bakar batean «fusionatu» dituztela salatu dute medikuntza prebentiboko elkarteek eta arloan ari diren egoiliarrek.

arantxa iraola
2021eko azaroaren 17a
16:31
Entzun

Medikuntza prebentiboko profesionalen elkarteek eta arloan ari diren mediku egoiliarrek salatu dute Eusko Jaurlaritzak administrazioko langileak antolatzeko ondu duen lege berrian ez duela aintzat hartu epidemiologoen kategoria. Jon Ander Gonzalez da ahotsa ozendu duten profesionaletako bat, arloko Ares MPSP elkarteko koordinatzailea. «Kategorien fusio bat egiten ari dira», esplikatu du: «Fusionatu nahi dituzte epidemiologia eta osasun publikoa eskala bakarrean». Eta bateratzeak ekar ditzakeen ondorioekin arduratuta daude.

«Izan ere, epidemiologiarena oso atal txikia da Osasun Sailaren barruan: orain gaude gutxi gorabehera hogei bat epidemiologo lanean, eta osasun publikoko teknikariak ehundik gora dira», azaldu du. «Aldaketak zer ekar dezakeen? Desprofesionaltasuna, alegia, epidemiologiako lanpostuetara hel daiteke jendea epidemiologian esperientziarik ez duena. Izan ere, osasun publikoak eremu oso zabala hartzen du, eta bertan modu askotako profesionalek egiten dute lan: ingurumenaren higienean ari direnak, elikaduraren arlokoak, osasun publikoetako laborategietan ari direnak... Aldiz, epidemiologian egiten da gaixotasunen agerraldien kontrola, zaintza. Eta aldaketa honek honek ekar dezake desespezializazioa». Alegia, prestaketa egokiaren falta da kezka behinena: «Kenduko digu berme bat: sartzen den jendea ez da izango hain espezializatua».

Eta izurri betean, aldaketa horren arriskuak aintzat hartu beharko liratekeela argudiatu dute. Izan ere, izurrian argi geratu da gaitzen kontrolean propio trebatutako profesionalen beharra, eta nahi eta ezinean ibili dira sarriegi. «Ahal duzun hobekien erantzuten duzu, jakina. Baina ekipoa urria da, behin-behinekotasun handia dago, eta taldea handitu egin beharko litzateke», azaldu du Gonzalezek. Administrazioari kexua helarazi badiote ere, aldaketa irmoa den susmoa dutela adierazi du. «Ez dugu oraindik erantzunik jaso».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.