Errugbia

Baionako ASB Neskak errugbi taldea Eliteko lehiatik erretiratzea erabaki du zuzendaritzak

Jokalariek planto egin zuten azaroaren hasieran, baliabide faltarengatik protesta egiteko. Klubeko zuzendaritzak esan du sasoia eteteko erabakia ez dela zigorra, eta jokalarien «segurtasunarengatik» hartu dutela.

Baionako ASB Neskak jokalariak denboraldi honetako partida batean. STEPH V. PHOTOS
Edu Lartzanguren.
2021eko azaroaren 17a
18:28
Entzun

Baionako ASB Neskak errugbi taldeko jokalariek planto egin zuten azaroaren 7an, eta ez ziren zelairatu, Okzitaniako Tolosaren aurkako partidan. Baldintza txarrengatik, jokalari faltarengatik, eta entrenatzeko bitarteko eskasengatik protesta egin nahi izan zuten horren bidez. Eskaerei erantzun beharrean, klubeko zuzendaritzak erabaki du taldeak Frantziako Eliteko lehian egiten ari zen sasoia bertan behera uztea.

ASB zuzendaritza batzordeko kideek bozkatu zuten atzo taldearen sasoia amaitzea, ia aho batez (boto zuri bat egon zen, gainerakoak, zuzendaritzaren proposamenaren alde). Gilles Peynoche klubeko presidenteak France Bleu Pays Basque irratiari gaur esan dionez, erabakia «ez da zigorra, nahiz eta klubeko kideek gaizki hartu». Gaur bidali diote gutuna Frantziako Errugbi Federazioari, lehia uzteko erabakiaren berri emateko.

Peynochek adierazi du klubeko kideek eta boluntarioek gaizki hartu zutela jokalarien greba. Gaineratu duenez, segurtasuna arrazoiengatik hartu dutela sasoia amaitzeko erabakia, 50 jokalarietatik hamar bat lesionaturik daudenean 38-40 bat aurkeztuta jokatu beharra ezinezkoa dela.

Jokalariek esan zuten gogorra izan zitzaiela planto egiteko erabakia hartzea, baina ezinbestekoa zutela euren ahotsa entzunaraztea. Azken boladan hainbat jokalari joan direnez lehen lerro osoa falta zutela esan zioten zuzendaritzari, eta zehaztu zuten bigarren mailako taldeko jokalariak zelaira ateratzea haiek fisikoki arriskuan jartzea litzatekeela. Jokalariek esan zuten zuzendaritzak ez zituela serio hartzen, eta horregatik erabaki zutela keinu ikusgarri bat egitea, eta partida ez jokatzea.

Salatu zutenez, entrenatzeko ere larri dabiltza, jokalariak falta dituztelako, eta salatu dute prestaturik ez dauden jokalariekin aritzera behartu dituztela. Taldea zahartzen ari dela esan zuten, eta inbertsio gehiago egiteko eskatu zioten klubari. ASB taldeko jokalariak ez dira profesionalak: ez dute dirurik jasotzen errugbian jokatzeagatik.

Peynochek onartu du klubak ez duela baliabiderik Tolosako edo Montpellierko taldeekin lehiatzeko Elite mailan, baina erabaki zutela sasoia hastea, aurrera egingo zutelakoan. Haatik, egoerak eragina izan du taldearen emaitzetan, eta ligako azkenak dira.

Presidenteak hausnartzeko eskatu die Federazioari eta Baionako Udalari. «Elitean egoteko, piramide bat behar da. Piramidea formakuntza da, hezkuntza da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.