INDARKERIA MATXISTA

«Emakumeek pairatzen duten indarkeria guztien aurka amorruz oihukatzera» deitu dute Iruñean

Manifestazioa antolatu du Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataformak A-25erako: 20:00etan abiatuko da, Baluartetik

Ana Carmonak eta Zarys Falconek hitz egin dute Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataformaren izenean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2021eko azaroaren 18a
13:45
Entzun

Indarkeria matxistaren aurka, baina ez era abstraktuan. Emakumeek pairatzen dituzten bortizkeria mota guztien kontra «amorruz oihu egitera» deitu dute Nafarroako hainbat eragilek eta talde feministak, Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataforman bilduta. Urtero bezala, manifestazioa eginen dute azaroaren 25ean, indarkeria matxistaren aurkako egunaren karira, Aske izateko. Indarkeriarik gabeko bizitza orain! lelopean. Protesta 20:00etan abiatuko da, Baluarteko plazatik, eta Sarasate pasealekuan amaituko da.

COVID-19aren izurriak eta haren kudeaketak emakume askori eragindako kalteak nabarmendu dituzte antolatzaileek: «Dagoeneko baloratu dezakegu pandemiakguztiongan izan duen eragina: blokeoak, jon-etorriei ezarritako murrizketak, ziurgabetasun ekonomikoa, estresa, bakartzea... Berriro ere, emakumeok jasan dugu gogorren hori guztia», azaldu du plataformako ordezkari Ana Carmonak. Are: Nazio Batuen Erakundearen arabera, eremu pribatuan emakumeen aurka eginiko erasoen kopuruak gora egin duela nabarmendu dute plataformako kideek. «Aurten, ofizialki, bost emakume erail dituzte Euskal Herrian, 39 Espainiako Estatuan, eta milaka planetako txoko guztietan. Gure eskubideak sistematikoki urratzen dituzte oraindik ere».

Muturreko indarkeria fisikoaz gain, baina, «eguneroko desberdintasunak» ere salatu nahi ditu Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataformak azaroaren 25ean: «Emakumeok jasaten ditugun indarkeria guztiak erauzi nahi ditugu: sexu indarkeria; indarkeria psikologikoa; pobretzen gaituen eta gure autonomia eragozten duen indarkeria ekonomikoa; gure seme-alaben edo maite ditugunen bidez gauzatzen den indarkeria bikarioa; eta gure gorputza kontrolatzen saiatzen direnen indarkeria medikoa eta obstetrikoa. Horrez gain, feminizidioak, emakumeen salerosketa, mutilazio genitala, ezkontza goiztiarrak, ziberjazarpena, sextinga eta bestelakoak ere bukatu nahi ditugu, eta, bereziki, emakume migratzaileen eta desgaitasunen bat dutenen aurkako indarkeria eten».

Benetako konpromisoen eske

Administrazioen eta botere judizialaren rola ere kritikatu dute feministek, «emakumeon segurtasuna bermatzeko erantzukizuna hartu beharrean indarkeria areagotzen dutelako». Horren aldean, «erakunde engaiatuak» galdegin dituzte. «Benetako» konpromisoa nahi dute: «Ez dugu nahi udaletxe eta gobernuen aurreko elkarretaratze edo adierazpen instituzionalik; ez dugu nahi eduki eta aurrekontu esleipenik gabeko politika hutsalik, ezta ezer konpontzen ez duten promesa faltsurik ere».

Horren ordez, «aurrekontu feministak» eskatu dizkiete gobernu eta erakunde publikoei, «ekarpen ekonomiko nahikoarekin»; «kalitatezko hezkidetza» hezkuntzako alor guztietan; prestakuntza espezializatua agente juridiko guztientzat; immigrazio legea indargabetzea; kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzea; «zaintza sistema publiko eta integral bat» sortzea, eta sektore horretan «lan hitzarmen duinak» ezartzea; «lan baldintzak eta kalitatezko pentsioak» bermatzea; eta hedabideek «morboz beteriko istorioak alboratzea», albisteak «egiaz eta errespetuz» emateko.

Oro har, «gizarte kapitalista eta heteropatriarkalaren eredua» aldatzea exijitu dute, «bizitza eta pertsonak erdigunean jartzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.