Osasungintza

Sagarduik esan du Donostiako Onkologikoko lanpostuak «bermatuta» daudela

Langileak kexu dira, egitura aldetik zentroak «banatuta» jarraitzen duelako. Zentroa berritu dute, eta datorren astetik aurrera bertan izango da eguneko zentroa, eta baita kanpoko kontsultak ere.

Gotzone Sagadui sailburua, Onkologikoan. IREKIA
jone arruabarrena
2021eko azaroaren 19a
12:25
Entzun

Aurrerantzean, Gipuzkoan minbiziaren kontrako tratamendua behar duten paziente anbulatorioak Donostiako Onkologikora bideratuko ditu Osakidetzak. Bertan jarriko dituzte onkologiako eta onkohematologiako kanpo kontsulta guztiak, eta baita eguneko ospitalekoak ere. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi du modu horretan Onkologikoak Osakidetzarekin duen lotura «finkatu» egingo dela. Gainera, Onkologikoan lan egiteko LEP bidez esleituko dira lanpostuak hemendik aurrera, eta orain lanean dauden langileen postuak «bermatuta» geratuko dira.

Langile Batzordea, ordea, ez da fio Sagarduiren hitzez. «Nola bermatu ditzake berak langileen baldintzak? Onkologikoa publikoa dela ematen duen arren, bertan gauden langileok enpresa pribatu bateko langileak gara, Onkologikoa Fundaziokoak. Beraz, Osakidetzak ez dakit nola bermatuko dituen gure postuak; ez dauka horretarako eskumenik», salatu du Jon Galfasoro batzordeko kideak.

Gauzak horrela, ostiralean Sagarduik Onkologikora egin duen bisitan afixekin hartu du Langile Batzordeak. Izan ere, zentroko langileek salatu dute Osakidetzak ez daukala «etorkizuneko plan argirik» ESI erakunde sanitario integratuari dagokionez, ezta zerbitzu zorro «zehatzik» ere. Horren aurrean, Onkologikoa Osakidetzan «guztiz» integratzea galdegin du: «Pazienteek ezagutu duten ospitalea desintegratzen ari da, bularreko eta digestio aparatuko kirurgia kendu nahi dute, eta, horrekin batera, minbiziaren diagnostikoan eta tratamenduan monografikoa desagerraraziko dute».

Horrez gain, Galfasorok azaldu du pazienteak, osasun sistema publikotik bideratzen badira ere, zentrora iristen direnean bitan banatzen direla: «Batzuk Onkologikoak hartzen ditu, baina beste batzuk Fundaziora bideratzen dituzte, enpresa pribatura».

Duela hilabete batzuetatik dator auzia. Langileak jada kexu ziren, Onkologikoan egiten ari diren aldaketak direla eta. Gipuzkoako Hitza-k jaso zuenez, Eusko Jaurlaritzak Kutxa fundazioarekin 2018ko abenduan sinatutako lotura hitzarmenetik dator auzia. Izan ere, hitzarmen horretan aurreikusi zuten hiru urteko epean Onkologikoa osasun sare publikoari lotutako zentro bilakatzea. Ordu hartan, eskainitako zerbitzuen %80 baino gehiago sektore publikotik heldutako pazienteentzat izaten ziren, baina, hala ere, ospitalea pribatua zen artean, baita gaur egun ere. Kutxa fundazioaren jabetzakoa da ospitalea.

Berrikuntzak ospitalean

Hain zuzen, azaroaren 15az geroztik dago martxan eguneko ospitalea, eta kanpo kontsultak datorren astelehenean irekiko dira. Sailburuak azaldu duenez, hogei kanpo kontsulta «berriztu eta egokitu» behar izan dira orain arte beste zentro batzuetan tratatu dituzten paziente anbulatorioak bertan artatu ahal izateko, baita eguneko ospitalea ere. Aurreikusten dute kanpo kontsultetan urtean 12.000 pazienteri baino gehiagori emango zaiela arreta, eta eguneko ospitalean 3.000 pazientetik gora artatuko dituzte.

Instalazioak egokitzeko 7,4 milioiko inbertsioa egin du Jaurlaritzak Kutxa fundazioarekin batera, eta «azken belaunaldiko azeleragailu lineala» ere eskuratu du. Aparatu horrek urtean 400 tumore «doitasun handiagoz» tratatzeko aukera emango du, Sagarduik azaldu duenez: «gaixotasun onkologikoen tratamenduaren zerbitzura dagoen azeleragailu horrek urtean 400 paziente tratatu ahalko ditu. Gaur egun dagoen azeleragailu linealik zehatzena, fidagarriena eta osatuena da, eta kontzeptu berri bat dakar: inbasio txikiko erradioterapia».

Zentro berrituak farmazia arloan ere berrikuntzak ekarriko ditu. Besteak beste, minbiziaren tratamendurako medikazioak prestatzen dituen robot bat izango du, eta, azaldu dutenez, informazio sistemak ere berritu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.