Denboralea

Ibaiek gainezka egin dute Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat lekutan

Nafarroan eta Araban arazoak egon dira errepidean, elurrak eraginda; Urdiñarben, hogei etxe argindarrik gabe egon dira.

Herritar bat, urak hartutako garaje bateko gauzak ateratzen, Alonsotegin (Bizkaia).. ARITZ LOIOLA / FOKU
Edu Lartzanguren.
2021eko azaroaren 29a
07:36
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Uholde Arriskurako Plan Bereziaren aholku batzordea bildu da gaur goizean, asteburuko euriteen ondorioz sortu den egoera aztertzeko. Bileraren ostean, Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak adierazi du eguraldi iragarpenen arabera datozen orduetan euri gutxiago botako duela, eta, horren ondorioz, 15:00etarako larrialdi plan berezia indargabetu dute. Edonola ere, gaineratu du arroak arreta handiz behatzen jarraituko dutela.

Erkorekak zoriondu egin du babes zibil sistema, «eraginkorra» izan dela iritzita. «Aurreikuspenak zuzenak izan dira, eta emaitza egokia izan da».

Cadagua, Deba eta Urumea. Ibai horiek eragin dituzte kalterik larrienak astelehen goizaldean. Izan ere, gainezka egin dute Balmasedan eta Galdakaon (Bizkaia), eta Mendaron, Hernanin eta Astigarragan (Gipuzkoa).

Bizkaian, Balmasedan auzoak iratzarri dituzte gauean, ibaiaren inguruko aparkaleku batetik autoak eraman zitzaten, Cadagua ibaiak gainezka egin duelako.

Gueñesen ere, arrotik atera da, besteak beste Elubarrin, Santxosolon eta Allende Zelaian, baita Iorgiko erriberan, Ibarran eta Zaramilloko Eretzan ere. Udalak alarma gorria deklaratu du.

Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, azken orduetan hainbat puntutan atera da ibaia: Santxosolon, Allende Zelaian, Elubarrin eta Sodupen; Iorgiko erriberan, Askatasunan eta Ibarran; La Quadran; eta Zaramilloko Eretza kalean.

Ibaizabalek gainezka egin du hainbat lekutan, besteak beste Muskizen. Hainbat errepide ere moztu behar izan dituzte. Bilbon ere sortu dira arazoak: Zorrotzan, hainbat auto ur azpian geratu dira, Clara Campoamor kalean. Basaurin, hainbat garaje eta dendatan sartu da ura, Ariz inguruan. Arrigorriagan, Arrankundiagan, Boluetan eta Galdakaon ere atera egin da Ibaizabal.

Bilboko hainbat auzotan ur putzu handiak sortu dira. Gauean 28 esku hartze egin behar izan dituzte suhiltzaileek. Olabeaga auzoan, esaterako, autoa Plaza Barrian zuten herritarrek ezin izan dituzte atera, estoldak ezin izan duelako ur guztia irentsi.

Juan Mari Aburto alkateak esan du egoera «hobetzen» ari dela, eta ez duela espero itsasgorak kalte handiagoa eragitea. Izan ere, 12:02an izango da itsasgora Bilbon. Erdi mailakoa izatea espero dute, edonola ere.

Errepidean ere arazo ugari eragin dituzte uholdeek eta luiziek. N-240 errepidea moztuta dago Zeanurin bi norabideetan, eta desbideratzen ari dira.

BI-636 moztu egin du luizi batek 02:30ak aldera, baina goizaldean zabaldu egin dituzte Balmasedarako lerroak. Bilborako norabidekoak garbitzen ari dira.

Muskizko saihesbidea, N-634, moztu egin dute, eta herriaren erdigunera ari dira bideratzen trafikoa.

Arrankudiaga parean arazoak daude BI-625 errepidean, eta baita Bizkaiko bigarren mailako errepideetako hainbat puntutan ere.

Bilbo eta Muzkiz arteko aldirietako trenen zirkulazioa bertan behera utzi du Renfek, aldi baterako.

Gipuzkoan, Oria ibaiak Andoainen gainezka egin du gauean hainbat lekutan: kirol zelaiak ur azpian geratu dira, esaterako. Hernanin ere, kirol zelaiak hartu ditu urak. Urumea ere atera egin da Astigarragan. Urola maila horian dago. Debak Elgoibarren eta Mendaron egin du gainezka. Azken horretan baserri batzuk inkomunikaturik geratu dira, bideak ur azpian geratu direlako.

Nafarroan eta Araban, berriz, elurrak sortu ditu arazoak. Hamar zentimetro elur egin zuen atzo Iruñean, eta horrek traba egin zuen hainbat errepidetan. Elurra urtzen hasi da gauean, eta orain ibaiei begira daude larrialdi zerbitzuak. Zangozan, 13 adingabe eta 4 begirale erreskatatu dituzte suhiltzaileek Getadar aterpetxetik. Asteburu-pasa zeuden han, eta inkomunikaturik eta argindarrik gabe geratu ziren. Belaguan eta Urbasan kateak behar dira. Arabako Lautadan argindarrik gabe egon ziren atzo Opakuan eta inguruko hainbat herritan.

Elurraren ereginez, hainbat mendate itxita daude: Barazar (Bizkaia), Herrera, Opakua eta Orduña (Araba). Horrez gain, hainbat lekutan kontuz ibiltzeko esan dute: A-1ean Araban, eta A-15ean Andoaindik Berastegiraino, esaterako.

Urdiñarben (Zuberoa) hogei bat etxe argindarrik gabe egon dira asteburuan, elurrak argi poste bat bota duelako. Pirinioetan kontuz ibiltzeko eskatu dute, elur jauziak gertatzeko arriskua dagoelako. Gaurko 14:00ak arte iraungo du larrialdi laranjak.

Euskalmeteko arduradunek esan dute okerrena iragan dela dagoeneko, datozen orduetan euri gutxiago egingo duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.