Eduki babestua

Norbera eraldatzea bestearengan eragiteko

Bezeroari hobeto erantzuteko eta emunkideak ahalduntzeko bere antolamendua eraldatzeko zereginean dihardu EMUN kooperatibak.

Eraldaketan eragile eta bidelaguna izatea da EMUN kooperatibaren asmoa, enpresa, erakunde eta gizarte eragileekin batera eraldaketarako bideak irekitzen laguntzea. Irudian, EMUN kooperatibako kide batzuk. EMUN
2021eko azaroaren 29a
10:31
Entzun

Gai sozialen kudeaketan laguntzeko lan egiten dute kooperatibako aholkulariek. Duela ia 25 urte sortu zuten, lan mundua euskalduntzeko asmoarekin lehen-lehenik, baina urteen poderioz bestelako eremuetara zabaldu dute beren lana. Gaur egun, arlo sozioekonomikoa euskalduntzeaz gain, genero berdintasunaren, gizarte erantzukizunaren, gobernantzaren eta berrikuntzaren arloetan ere badihardu aholkulari taldeak.

Eraldaketan eragile eta bidelaguna izatea da EMUNen asmoa, enpresa, erakunde eta gizarte eragileekin batera eraldaketarako bideak irekitzen laguntzea. Urteotan pilatutako esperientziak erakutsi die kanpoan eragiteko barrutik eraldatzeak ere zein-nolako garrantzia daukan. Horretan dihardute azken hilabeteetan, antolatzeko modu berritzaileak probatzen, etenik gabeko eraldaketan.

Eraldaketaren transferentzia, euskara planetatik eremu berrietara

Lan mundua euskalduntzeko hamarkadetan egindako sormen lanari esker metodologia eta ikasketa ugari pilatu du aholkulari taldeak. Modu horiek erabat baliagarriak suertatu dira beste gai sozial batzuetan aldaketak eragiteko, eta horrek lagundu dio EMUNi hizkuntza kudeaketan ez ezik bestelako gai sozialetan ere eragiten. Gaur egunean, esaterako, enpresetan hizkuntza ohiturak aldatzeko erabilitako hainbat metodologia darabilte genero berdintasuneko planetan. Finean eraldaketa prozesuak baitira EMUNek kudeatzen laguntzen dituen asko eta asko.

Gai sozialen kudeaketan laguntzen diharduen neurrian, kooperatibak garrantzi handia eman izan dio beti aholkulariaren prestakuntzari eta berritzeko jarrera elikatzeari. Lan moduak berritzeko eta metodologia berriak probatzeko berrikuntza sistema oso bat dauka aholkularitzak martxan. Emunkide guztiak berrikuntza sistema horren parte aktiboa dira, eta gizartean dagoen ezagutzara irekita eta erne egoteko zaintza sistema bat daukate, 25 esparru gurutzatzen dituen adimen lehiakorrerako sistema integratua. Horretaz gain, taldeko elkarrekintzak duen balioan sinetsita berrikuntza proiektu, praktika komunitate edota ezagutza tailerren bidez berritzen dituzte egiteko moduak. Hori guztia, berrikuntzarako propio jarduten duen talde tekniko baten laguntzarekin.

Etorkizunerako antolamendu berri baten oinarriak

Barrutik kanpora, kanpoan errora halaxe dio EMUNek darabilen leloetako batek eta modu batean edo bestean, horrek laburbiltzen du eraldaketan bidelagun eta eragile izatea nola ulertzen duten. Hartara, azken hilabeteotan barne eraldaketa prozesu betean murgilduta daude emunkideak, egungo errealitateari eta etorkizuneko erronkei erantzungo dien antolamendu eredu berritua probatu eta berrasmatzeko zeregin betean. Mende laurdeneko ibilbidean askotariko antolatzeko moduak izan dituzte erakundearen barruan, eta etorkizunean kooperatiba modu horizontalagoan berrantolatzeko erronkari heldu diote oraingoan. Barruan eta kanpoan aztertu dituzte antolamendu berrirako aukerak, eta, horien artean, azpimarratzekoa da Frederic Laloux (Belgika, 1969) teorialari belgikarrak erakundeak berrasmatzeko proposatutako kudeaketa eta antolamendu eredutik (Reinventing Organizations) hartu dituzten erreferentziak eta oinarriak. Intuizioak eta teoriak jarri dituzte aztergai, eta barruan esperimentatzera jo dute egungo gizartearen joerak aztertuta eta etorkizunari begira dituzten erronkak aintzat hartuta.

Antolamendua eguneratzeko egitasmoak helburu hirukoitza dauka EMUNentzat. Lehenik eta behin, bezeroa erdigunean jartzeko ideia indartzea: bezeroarekin batera landu beharreko gai sozialetan elkarlanean jarduteko eta bezeroari ahalik eta ikuspegirik osoenarekin erantzuteko. Bigarrenik, emunkideen ahalduntzean sakontzea, eta, horretarako, funtzioak eta zereginak modu horizontalagoan banatu eta autogestioa eta arduren errotazioa indartuko dituzte. Hirugarren helburua, orain artean bezala, iraunkorra izango den proiektu bat bermatzea, pertsonaren, ingurumenaren eta ekonomiaren arteko oreka aintzat hartuta.

Koordinazio taldea, antolamendu berriaren ikur

Antolamenduaren eguneraketa ziklo estrategikorako adostutako erronkei erantzutera dator, bete-betean. Horretara dator, azken sei urteotan zuzendari nagusi izan den Olatz Olaso Garitanoren kargu uztea eta baita berarekin batera egungo zuzendaritza talde osoak utziko duen lekua ere. Eginkizun horiek beste modu batean banatzeko eta koordinatzeko zeregina izango du aurrerantzean koordinazio talde berri batek, Amaia Balda Etxartek, Olatz Dorronsoro Callejak eta Nerea Arrese Elortzak osatuko dutena. Horrekin batera, aholkulari talde osoa taldeka antolatuko da bezeroa erdigunean jartzeko helburuari erantzuteko, eta lidergo partekatuaren aldeko apustua egingo du EMUNek koordinazio zereginari modu berritzaile batean ekiteko.

Eraldaketa etxetik hasi nahi dute oraingoan ere. Barruan eraldatu, kanpoan eragiteko.

Kooperatibari buruzko datu batzuk

•1997an sortu zen, Arrasaten.

•Arrasaten, Andoainen, Berriozarren eta Bilbon ditu bulegoak.

•Zerbitzu-arloak: euskara planak, itzulpenak, euskara formakuntza, hausnarketa saioak, genero berdintasuna, gizarte erantzukizuna, gobernantza, berrikuntza plataformak, aniztasuna.

•90 pertsonako lantaldea: 58 emakumezko, 32 gizonezko.

•Langileen %41 jardun murriztuan.

•Ardura postuetan %74 emakumeak.

•Lantaldearen %90 kooperatibako bazkide.

EMUN kooperatibari buruzko informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.emun.eus.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.