Mobilizazioak

Milaka langile kalean, lan, pentsio eta bizi baldintza duinen alde

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek deituta, manifestazioak egin dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Arratsaldean, martxa gehiago egongo dira hainbat herri eta auzotan, lan eta pentsio erreformen aurka eta bizitza duinaren alde.

Bilboko manifestazioa, gaur goizean. LAB
xabier martin
2021eko abenduaren 1a
12:29
Entzun

Egungo egoeraren inguruko azterketa zabaldu ostean, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuak ondorio bateratu batera heldu dira: «Garrantzi handiko garai bat bizi dugu, eta Europako funtsak Damoklesen ezpata bilakatzen ari dira». Hori ikusita, mobilizatzera deitu zuen gehiengo sindikalak, eta gaur goizean manifestazio jendetsuak egin dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Martxek segida izango dute arratsaldean: 35 mobilizazio baino gehiago egingo dituzte hiri, herri eta auzoetan.

Bilbon izan dira sindikatuetako arduradun nagusiak. Manifestazioa hasi aurretik, udaletxearen aurrean egindako adierazpenetan, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak dei egin die EAJri eta EH Bilduri ez dezatela pentsioen erreformaren aldeko botorik eman bihar, Espainiako Kongresuan. «Erretiro aurreratuetan eta Belaunaldien arteko Ekitate Tresnaren bitartez murrizketak egingo ditu [erreformak], eta ez du bermatzen pentsioak KPIaren arabera eguneratzea. Pentsiodunen mugimenduak esan duen moduan, erreforma zakarrontzira bota behar da», azaldu du.

Halaber, EH Bilduri galdegin dio ez ditzala babestu Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak. «Oso argia da lehendakariak berak eta gobernuak emandako mezua», hau da, «ez dela ezer aldatuko aurrekontuekin. Irizpidea da gizarte kontuetan gehiago ez inbertitzea, gehiago ez gastatzea, eta ez dago jaisten diren diru sailak Osasuna eta Hezkuntza direla ikustea besterik; benetako eskandalu bat».

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak, bestalde, deitoratu du lan erreforma ez dela bertan behera geratuko bere osotasunean, eta pentsioenak murrizketak ekarriko dituela gaineratu du. «Madrilgo agendan» eragiteko unea orain dela uste du Aranburuk: «Eta tinko jokatu behar da, denbora pasatzen ari baita». Baina Aranburuk gogorazi du dena ez dela Espainiako hiriburuan erabakiko. «Egoerak behartzen gaitu Madrilera begiratzera, orain han negoziatzen ari diren oso gai garrantzitsuak daudelako, baina bokazioa eta anbizioa behar ditugu Madrilen ezinezkoa dena Euskal Herrian egiteko, bide orri propio bat elikatzeko, gobernu autonomikoak eta hemengo patronalak interpelatzeko».

Sindikatuek diote «urte bukaerarako hartu nahi dituzten erabakien araberakoak» izango direla «etorkizuneko bizi eta lan baldintzak», eta lan erreforma eta pentsioen erreforma "ezinbesteko baldintzak" direla Europako Funtsak jasotzeko. «Beltzez jantzitako gizon berriek transferentziaren bigarren zatiari oniritzia eman diezaioten, erreformak egin behar ditu Espainiako Gobernuak». Egoera hori iraultzeko asmoz, sindikatuek, gizarte eragile askoren babesarekin, mobilizazio egun bateratu bat antolatu dute gaur.

Mobilizazioetara deitu duten sindikatuak kezkatuta azaldu dira. «Pentsioen erreformarako lege proiektuan, erretiro aurreratuan murrizketak ezarri nahi dituzte; ez da inola ere bermatzen 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, ez eta genero arrakala gainditzeko ere». Sindikatuek uste dute aurreko urteetan ezarritako murrizketak ez direla indargabetuko, eta pentsio sistema publikoa ez dela sendotuko. «Lan erreformaren nondik norakoak are ilunagoak dira, baina ez dirudi Euskal Herrian gure lan hitzarmenak negoziatzeko eskubidea bermatuko denik edota indargabetuko direnik aurreko erreformen funtsezko puntuak; esaterako, kaleratzeko erraztasuna». Gehiengo sindikalak dio erreforma horiek baldintzatu nahi dituela mobilizazioaren bidez.

«Pandemian ikasitakoa baztertzen ari dira»

Bestalde, Hego Euskal Herriko erakundeei erreparatu diete sindikatuek; uste dute ez dutela nahi aztertu «ereduaren oinarrizko zutabeak aldatzeko aukera»; esaterako, osasun, hezkuntza edo zaintza sistema publikoari dagokionez, «edo premiazko erreforma fiskalari dagokionez». ELA, LAB eta beste sindikatuak kexu dira enpresa eta kapital errentek ordaintzen dituzten zergak apaldu egin direlako, «batik bat enpresen etekinak, ondareak eta fortuna handiak». Haien arabera, Confebaskek eta CENek erabakitzen dute politika fiskala.

«Aurrekontu politika zekenak, zerbitzu publikoen pribatizazioaren aldeko politikak ... horrek guztiak adierazten du 2008ko krisialdian eta koronabirusaren pandemianikasitakoa ez dutela aintzat hartu nahi». Halaber, krisi sanitarioaren kudeaketak «agerian utzi du», manifestarien ustez, sistema autonomikoa «zein hauskorra den». Estatuak bere irizpideak inposatzen dituela argi ikusten dute.

«Gutxi batzuen botere gosearen gainetik, pertsona guztien bizitzak eta gure herriaren eta planetaren beraren iraupena erdigunean jarriko dituzten neurri politikoak« aldarrikatu dituzte Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.