Sindikatuak

Lakuntzarentzat, «ulertezina» da LABek uko egitea greba orokorrari

ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak ez du ulertzen LABek grebaren inguruan iragarritakoa, «EAJ eta EH Bildu estu hartu behar direnean». 

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia. ENDIKA PORTILLO / FOKU
xabier martin
2021eko abenduaren 9a
12:28
Entzun

Hego Euskal Herrian greba orokorrera deitzeko saioak porrot egin du, ELAren eta LABen arteko desadostasunak direla eta. Egungo egoeraren diagnosian bat datoz biak, baina desadostasun sakonak dituzte pandemiaren osteko egoerari aurre egiteko estrategian; eta desadostasun horiek lanuzte orokor batera deitzeko timing-ean jo dute bete-betean. Batera edo bestera, porrot hori kudeatzen hasi dira hala ELA nola LAB, eta kontakizunean mugarriak jartzea da lehen-lehena.

ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak Radio Euskadin helarazi du bere mezua. Harentzat, «ulertezina» da LABek greba orokorrera deitzeko aukera baztertu duela iragartzea, noiz etalan erreforma dela-eta «EAJren eta EH Bilduren botoak baldintzatu behar diren honetan». «Greba orokor baten aukera egiteari ere uko egitea akats bat da», haren ustez. LABek jakinarazi du asteon greba orokorrera deitzeko aukera «zapuztu» egin dela, eta hori gertatu dela bi sindikatu abertzaleek «jarrera desberdinak» izan dituztelako mobilizazioaren «izaeraren eta kudeaketaren» inguruan. Garbiñe Aranburu idazkari nagusi duen sindikatuak gogoratu du ELAk ez duela bere helburua bete: Madrilen negoziatzen ari diren pentsio eta lan erreformetan eragitea, pentsioena aurrera atera baita jadanik. LABek «Euskal Herritik Euskal Herrirako» nahi zuen lanuztea.

Bada, Lakuntzak garbi utzi du ELAk «oso presente» duela grebara deitzeko aukera oraindik ere, «hain da garrantzitsua jokoan dagoena». Euskal lan itunak aurrerantzean ere estatukoen gainetik egotea, adibidez; hori dago jokoan, Lakuntzak esplikatu duenez. «Ez dugu ulertzen jarrera hori», esan du; haren arabera, LABek ez du «modu zuzenean» kudeatu lanuztearen edukia: «Historikoki, edozein deialdi bi sindikatuen adostasunetik abiatu da, eta gehiengo sindikalaren gainontzeko sindikatu eta eragile sozialekin batera». ELAko buruak gogoratu du LABek «bere kabuz» iragarri zuela greba orokorra egiteko aukera zegoela, Maiatzaren Lehenean. «Eta, orain ere, bere kabuz iragarri du uko egin diola deitzeari».

Kritika gogorra EH Bilduri

Abenduak hamar dituela, grebara deitzea ezinezkoa zen jada 2021. urtean, LABek nahi zuen moduan. Baina ELAk lan erreformaren prozesuaren mende utzi du deialdia, eta horrek 2022ra atzeratu du ezinbestean deialdi posible hori, EAJk eta EH Bilduk Espainiako Kongresuan erreforma bozkatu beharko duten garaiaren aurretxorako. Orain, ordea, ezinezkoa ematen du greba orokor bat egiteak luze gabe, nahiz eta ELAk berretsi duen aukera hori zabalik duela.
Lakuntzak jakinarazi du EAJ eta EH Bildu estu hartzen ari direla Madrilgo gobernua, erreformak euskal lan itunen nagusitasuna jaso dezan, Hegoaldean. «Koherente» izateko eskatu die biei, eta baztertzeko itunen prebalentzia hori jasotzen ez duen edozein erreforma.

Aurrekontu orokorrez ere aritu da Lakuntza. EH Bilduk EAEko aurrekontuak babestea «EAJren garaipena» dela esan du. Koalizio abertzaleak bere egin du, ELAko buruaren arabera, «EAJren eredu sozial eta ekonomikoaren zati garrantzitsu bat». Deitoratu egin du «EH Bilduren politikan dagoen aldaketa sakona», eta esan du koalizioak akordioari buruz egin duen azterketa ez datorrela bat errealitatearekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.