Osasun ziurtagiria eremu gehiagotan eskatzen hasteari buruz galdetuko dio Jaurlaritzak justiziari

Zahar etxeetan, erietxeetan eta beste zenbait tokitan erabiltzen hasteko zer aukera dituen jakiteko egingo dio eskea EAEko Auzitegi Nagusiari, beranduenez astelehenean.

arantxa iraola
2021eko abenduaren 10a
10:56
Entzun

Gaueko aisialdian eta 50 bezero baino gehiago dituzten jatetxeetan: egun, Eusko Jaurlaritzak onartua du baimena toki horietan eskatzeko COVID-19a hesitzeko ezarrita dagoen osasun ziurtagiria. Lehengo astean, Iñigo Urkullu lehendakariak asmoa adierazi zuen ziurtagiri horren erabilera beste toki batzuetara ere hedatzeko, eta gaur, berriz, jakinarazi dute horri buruzko galdera egingo diotela EAE Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiari.

Gobernuko eledun Bingen Zupiriak eman du asmo horren berri, elkarrizketa batean, eta esan du «datozen ordu edo egunetan» joko dutela auzitegiko atea. Aztertu nahi dute ea zahar etxeetan, erietxeetan eta beste hainbat tokitan erabiltzen has daitekeen ziurtagiria. Iñigo Urkulluk lehendakariak jakin berri duenez, gaur ez bada astelehenean eskatuko dio Jaurlaritzak baimena auzitegiari. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentearekin batera egin berri du agerraldia Urkulluk, Iruñean, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetza hitzarmena sinatzeko ekitaldian, eta, bertan, kazetarien galderei erantzunez, zehaztu du Osasun Sailak prest duela ziurtagiria beste eremu batzuetan ezartzeko eskatzeko dekretuaren zirriborroa. Txosten juridikoa ere landua du Jaurlaritzak, eta, gaur ez bada, astelehenean igorriko dio EAEko Auzitegi Nagusiari, baimena eskatzeko. Urkulluk jakinarazi duenez, esparru hauetara zabaldu nahi du Jaurlaritzak ziurtagiri hori: ostalaritzara, kirol instalazioetara, osasun etxeetara, zentro sozio-sanitarioetara eta espetxeetara. Birusaren intzidentzia goraldi betean da, baina Urkulluk azpimarratu du Jaurlaritzaren asmoa ez dela neurri murriztaile gehiagorik hartzea. Gainera, erantsi du izurrian joera aldaketa bat atzeman daitekeela. Hala ere, asteartera arte itxoin nahi du Jaurlaritzak, ikusteko ea aste honetako jaiegunek zer eragin duten izurriaren bilakaeran.

Orain indarrean den erabilera onartzeko orduan ere, aurrena EAEko Auzitegi Nagusira jo zuen Jaurlaritzak baimen eske, baina ezezkoa jaso zuen. Gero, Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztu, eta han jasotako erantzunaren bidez lortu zuten ziurtagiria eskatzen hastea. Jaurlaritza azkena izan zen urrats hori egiten; gaur egun, ziurtagiriaren erabilera orokortuta dago Euskal Herri osoan.

Ziurtagiria erabiltzearen alde egin du Zupiriak. «Era horretan, gu babestea bilatzen da, eta oraindik txertatu ez direnak horretara animatzea», adierazi du Zupiriak. Onartu du, hala ere, osasun ziurtagiria ez dela neurri bakarra gaitzak hedatzeari uzteko: maskararen erabilera eta pertsonen arteko distantzia neurri ezinbestekoak direla gogoratu du.

Nafarroan ere COVID ziurtagiria zabaltzeko asmoa du foru gobernuak, Txibite presidenteak gaur berretsi duenez. Adinekoen egoitzetan ezarri nahi du neurri hori aurrena, eta baliteke datorren astean urrats hori egitea. Gainera, Txibitek jakinarazi du gobernua datorren astean dela biltzekoa ostalaritza sektorearekin gaia aztertzeko.

Eguberri giroko ekitaldiei begira, gogora ekarri du udalen ardura dela «kontrolatu ezin diren» jarduerak bertan behera uztea. Halaxe egin dute, adibidez, Bilbo eta Donostiako udaldek San Tomas eguneko azokekin; jendea pilatzea eragoztea ezinezkoa izango litzatekeela argudiatuta, ez dira egingo.

Haurren txertaketa

Jakina da heldu den astean hasiko dela 5-12 urte arteko umeak txertatzen. Haurrak txertatu nahi dituzten familiei Zupiriak esan die oraindik ez dutela ordua hartzerik; Osakidetzaren SMS bat jaso behar dute aurrena. 11 urtekoei egingo diete aurrena deia, eta hortik behera joango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.