Lehen mailako arreta eta aztarnari taldeak indartzeko eskatu du EH Bilduk

Pazienteentzat gertukoena den osasun sistema «ahultzea» leporatu dio Osakidetzari EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberak

arantxa iraola
2021eko abenduaren 10a
13:30
Entzun

Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko ordezkari Rebeka Uberak adierazi du, egungo egoeran, «lehentasunak» izan beharko lukeela «premia anbulatorioak» indartzea, baina ez dela ari bide horretan Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila. Uste du pandemiaren seigarren olatuak «hankaz gora» harrapatu duela osasun sistema: «Lehen mailako arreta gaindituta, eta aztarnarien ekipoak nabarmen murriztuta». Hortik kritika: «Ez dirudi Jaurlaritzak ezer ikasi duenik, egoera benetan larria den arren, osasun sistema indartzeko neurriak hartu beharrean, murrizketa gehiago iragartzen ari baita». Hain zuzen ere, asteon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik esan du bertan behera utziko dituztela lehen mailako artako hainbat kontsulta: «premiazkoak» direnak lehenetsiko dituzte. Kirurgiatan ere hasiak dira atzerapenak.

Egoera hori «irauli» egin behar dela uste du EH Bilduk. «Pandemiari aurre egin eta kalitatezko osasun arreta eskainiko badugu, lehenengo baldintza lehen mailako arreta indartzea da», defendatu du Rebeka Uberak. 2022ko aurrekontuei buruzko akordioan EH Bilduk arlo horretan inbertsioa nabarmen handitzea lortu duela azaldu du, eta premiazkotzat jo du neurriak berandu baino lehen hartzea norabide horretan. «Lehen mailako arretak ezin du urtarrilera arte itxaron».

Bi neurri eskatu ditu. Bat: «Aurrez aurreko kontsultak berreskuratzea, atzerapenak-eta saihestea». Horretarako kontratazioak egin beharko direla esan du. Ildo berean, bigarren neurria ere: «Ezinbestekoa da aztarnarien taldeak handitzea. Azken hilabeteotan eremu horretan eginiko murrizketen ostean, konponbidea ezin da SMS bat izan, apirilean 700 aztarnari baino gehiago izatetik 400 baino gutxiago izatera pasa garelako». SMS mezuei erreferentzia egin die, asteon justu Osasun Sailak esan duelako hemendik aurrera, kasu positiboen gertuko kontaktuek, mezu baten bidez egin ahal izango dutela test bat egiteko eskea, aztarnarien deiaren zain egon gabe.

PPko legebiltzarkide Carlos Iturgaizek ere gaur izurriaren egoeraren larriaz ohartarazi du, osasun sistema «gainezka» ari dela esan du, eta LABI batzordearen bilera bat eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.