Athletic 0-1 Sevilla

Bolbora busti, eta Europako trena urrundu

Athleticek 0-1 galdu du Sevillaren aurka, San Mamesen. Zuri-gorriak gehiago izan dira, eta aukera asko izan dituzten arren, ezin izan dute gola sartu, beste behin. Delaneyk egin du bisitarien aldeko gola.

Delaney Sevillako jokalariak gola sartu duen unea, San Mamesen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Mikel O. Iribar.
2021eko abenduaren 11
23:04
Entzun

Bolada txarra eten ezinik jarraitzen du Athleticek. 0-1 galdu du Sevillaren aurka, San Mamesen, ligako hamazazpigarren jardunaldian. Zuri-gorriek hamaika abagune izan dituzte, batez ere lehen zatian, eta horien artean, bi baloi bidali dituzte zutoinera. Sevillak, ordea, bigarren iritsieran nahikoa izan du Unai Simonen atea zulatzeko. Kolpe handia hartu dute, eta bigarren zatian itzalita aritu dira zuri-gorriak. Zortzi partida jarraian daramatza irabazi gabe, eta gisa horretara, Europako trena gehiago ari zaie urruntzen.

Marcelino Garcia Toral entrenatzaileak aurreko neurketatik bi aldaketa egin ditu. Atzeko lerroan, Mikel Balenziagak bete du Osacar De Marcosen lekua; erdian, berriz, Iker Muniainek bere ohiko postuan jokatu du, eta eskuin hegalean Nico Williams aritu da, Sevillari kontraerasoetan min egiteko xedez.

Bizi hasi da neurketa. Sevillako jokalariak baloia alde batera eta bestera mugitzen aritu dira, Athleticen defentsa lerroa hausteko une egokia topatu nahian. Hain zuzen, Julen Lopetegirenek sortu dute lehen abagunea. Thomas Delaneyk buruz egindako errematea Iñigo Lekuek urrundu du, baina, ozta-ozta zutoin ondotik kanpora joan da baloia.

Arrisku horregatik, ordea, zuri-gorriak ez dira kikildu, eta berehala eman diote erantzuna; are, gola sartzeko zorian egon dira. Raul Garciak lapurtutako baloia Iñaki Williamsi eman dio, baina aurrelariak egindako jaurtiketa zutoin albotik igaro da. Hori ikusita, Athletic oldarkorrago hasi da jokatzen, eta Marcelinok Sevillaren zelaitik gertuago jarri ditu lerroak. Nico Williams eskuin hegaletik egindako erdiraketa Dani Garciari heldu zaio, eta hark area kanpotik eskuinez kolpe zitala eman dio, baina zutoinean jo du baloiak

Ekinaren ekinaz, zuri-gorrien aukerak etenik gabe heldu dira. Dani Garciak berak beste aukera bat sortu du; urrunetik zartako galanta eman dio baloiari, baina Bonok erantzuna are hobeagoa eman dio. Handik gutxira, Niko Williamsek buruz buru egindako jokaldi eder baten ostean, haren anai zaharrari bidali dio baloia, eta Iñakik eskuinez ongi errematatu du, baina zutoinean jo du baloiak.

Williams gazteena jostari zebilen eskuin hegalean, eta barruan duen bizitasuna baliatuz, sukalderaino sartu da, baina haren jaurtiketa gutxigatik kanpora joan da. Zuri-gorrien erauntsiak ez du etenik izan. Raul Garciak aukera garbia izan du, baina ate aurrean ez da fin ibili. Bitartean, Marcelinok ezin zuen sinetsi haren jokalariek gola sartzeko galtzen zituzten aukerekin.

Bada, Sevillak bigarrenez izan duen abagunearekin nahikoa izan du Unai Simonen atea zulatzeko. 37. minutuan, Delaneyk urrunetik baloiari ederki eman dio, eta Simonek ezin izan du ezer egin. Mutu geratu da San Mames, eta ur baldekada hotza izan da bisitarien gola. Jokalari zuri-gorrien eta zaleen etsipen zantzuak agerikoak ziren. Zuri-gorriek lanean jarraitu dute, eta lehen zatiaren amaieran, Unai Vencedorrek zutoinera bidali du baloia. Ez zitzaien saria heltzen, eta 0-1eko emaitzarekin heldu da atsedenaldia.

Zorroztasun falta

Athleticek argitasun handirik gabe ekin dio bigarren zatiari. Hori ikusita, Marcelinek hamaikakoan aldaketen beharra sumatu du, eta Oihan Sancet zelairatu du Raul Garciaren ordez. Handik minutu gutxira, teknikari asturiarrak Alex Petxarroman eta Oier Zarraga berdeguneratu ditu, jokoari erritmo bizia sartzeko xedez.

Aldian-aldian, Athletic Sevillaren areara heltzen zen, garbiena Iker Muniainek izan duen aukera; Kapitainak, area txikian zela, gora bidali du baloia, Iñaki Williamsek egindako erdiraketa jaso eta gero. Jokalariak zeharo ernegatuta zeuden, baita San Mameseko harmailetan zeuden jarraitzaileak ere. Bigarren porrota jasota, zuri-gorriak hamargarren postuan dira sailkapenean, eta Europako liga urruntzen ari zaie.

Athletic: Unai Simon; Lekue (Petxarroman, 65'), Yeray, Iñigo Martinez, Balenziaga; Nico Williams (Berenguer, 75'), Vencedor, Dani Garcia (Zarraga, 65'), Muniain; Raul Garcia (Sancet, 57') eta Iñaki Williams.

Sevilla: Bono; Montiel, Kounde, Diego Carlos, Augustinsson (Rekik, 66'); Fernando, Delaney, Oliver Torres (Jordan, 66'); Papu Gomez, Oscar Rodriguez (Gudelj, 85') eta Rafa Mir (Munir, 78').

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.