Osasuna 2-2 Bartzelona

Osasunak 2-2 berdindu du Bartzelonaren aurka

Bi aldiz aurreratu dira bisitariak, eta bi aldiz berdindu dute etxekoek. Chimy Avilak sartu du Osasunaren azken gola, bost minuturen faltan. Sailkapenean hamargarren daude nafarrak.

Chimy Avila berdinketaren gola ospatzen, gaur, Sadarren. JESUS DIGES / EFE
2021eko abenduaren 12a
20:08
Entzun

Osasunak garaipen zaporeko puntua eskuratu du gaur. Bartzelona beti da aurkari zaila, eta aurten aspaldiko okerren dabilen arren, aste barruan Txapeldunen Ligatik kanpo geratu izana konpontzeko gogoz zelairatu dira gaur. Arrasateren Osasuna ere ez da, ordea, amore erraz ematen duen horietakoa, eta hala erakutsi du gaur, beste behin. Hori azpimarratu du entrenatzaileak neurketaren ostean: «Taldeak amaierara arte sinesten duela erakutsi du».

Nico Gonzalezek 12. minutuan sartu du partidako lehen gola Bartzelonarentzat, baina bi minutu geroago berdindu du David Garciak. Hortik aurrera, ez da talde bat bestea baino gehiago izan. Baloi asko galdu dituzte biek, eta aukera gutxi sortu dituzte lehen zatian.

Bigarren zatia hasi bezain pronto heldu da neurketako jokaldi polemikoa. Bere areatik baloia urrundu nahian zebilen Bartzelona, eta, halako batean, besoan jo dio baloiak Busquetsi. Osasunako jokalariak eta zaleak protestan zebiltzan bitartean, ordea, kontraerasoa egin dute bisitariek, baita gola sartu ere. Ezzalzoulik errematatu du jokaldia. 49. minutua zen.

Hurrengo minutuetan erotu egin da neurketa. Euren onetik aterata zeuden etxekoak, epailearen erabakia medio, eta kosta egin zaie berriz ere euren onera itzultzea. Aurrelari guztiak zelaian sartu ditu Arrasatek, eta atzelari gehiago, berriz, Xavi Hernandezek. Hori dela eta, atzean sartu da Bartzelona, eta erasora jo du Osasunak.

Saria 85. minutuan heldu zaie etxekoei: aldaratze bat bikain errematatu du Chimy Avilak, eta ezin izan du ezer egin Ter Stegenek. Sailkapenean hamargarren jarraitzen du Osasunak.

Osasuna: Herrera; Vidal (Cote, 73'), David Garcia, Unai Garcia, Juan Cruz; Torró, Moncayola, Ruben Garcia (Brasanac, 67'); Barja (Budimir, 67'), Manu Sanchez (Roberto Torres, 72'), eta Kike Garcia (Avila, 67').

Bartzelona: Ter Stegen; Araujo, Pique, Umtiti; Busquets, Gavi, Nico Gonzalez (Mingueza, 72'), Frenkie De Jong; Dembele (Coutinho, 80'), Ezzalzouli (Jutglá, 91') eta Luuk de Jong.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.