Hazkundea

Hazkunde aurreikuspena puntu bat murriztu du Jaurlaritzak

Pedro Azpiazuk argitu du susperraldiaren zati bat 2022ra atzeratuko dela, ziurgabetasuna dela eta. Irailean BPGaren %6,7ko hazkundea finkatu ondoren, %5,6ra apaldu du Ekonomia Sailak orain.

Pedro Azpiazu, atzo, Eusko Leebiltzarrean. BERRIA
xabier martin
2021eko abenduaren 15a
14:17
Entzun

Susperraldiaren urtea izango da 2021a, baina ez gobernuek espero zuten bezainbesteko indarrez. Eusko Jaurlaritzak murriztu egin du aurtengo hazkunde aurreikuspena, azken hilabeteetan hedatutako ziurgabetasun handiko jokaleku honetan. %6,7 ez, %5,6 handituko da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPG barne produktu gordina. Ekonomia sailburu Pedro Azpiazuk eman du azken doikuntza horren berri.

Gobernuak zenbaki makroak aldatu ditu, eta lerratu da hainbat eragilek beren aurreikuspenetan helarazitako kopuru apalagoekin. Pandemiaren ondoriorik larrienak bridatu dituzte txertoek, baina kutsatzeen oldarraldia gai da ekonomian eragiteko oraindik ere, kontsumoan adibidez. Eta, susperraldiak eragindako albo ondorioak, osagai batzuen eskasia eta energiaren garestitzea tarteko, 1,1 puntu kendu dio Lakuak irailean finkatu zuen hazkundeari.

Baina Azpiazuk argitu du hazkundearen doikuntzak ez duela islatzen «sare produktiboaren ahultasuna». Aurten uste baino gutxiago handituko da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGen batura, baina galdutako koska horren zati bat 2022an berreskuratuko dute, Ekonomia Sailaren arabera: 2022. urtean hazkundeak %6,7 egingo du gora, irailean aurreikusi zutena (%6,4) baino hiru hamarren gehiago.«Osagai batzuen eta lehengaien eskasiak prezioak garestitu ditu, eta ekonomiaren osotasunera zabaltzen ari da hori, KPIan islatzen denez», esplikatu du sailburuak.

Eragin txikia enpleguan

Edonola ere, doikuntza egiteak behartua ematen zuen, urteko hirugarren hiruhilekoen datuak jakin ondoren. Eustatek %3,9ko errebotea islatu du urte arteko tasan, eta %5,5ekoa aurreikusia zuen gobernuak. Dena den, hazkunde apalago horrek enpleguari eragingo ote dion kezkak uxatu nahi izan ditu Azpiazuk. Gasteizko gobernuak duen taula makroak enpleguari buruzko datu onak islatzen ditu: urte honetarako 13.390 enplegu gehiago aurreikusi ditu, eta beste 11.500 2022rako. Horrekin, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batez besteko langabezia %10 inguruan ibiliko da aurtengo amaieran, eta %9,2ra jaitsiko da 2022rako. Irailean, urte honetarako %10,3ko langabezia tasa iragarri zuen gobernuak, eta %9,5ekoa 2022rako.

Bilketa eta zorra

Jaurlaritzaren aurrekontuen tramitazioaren harira eman du Azpiazuk aurreikuspenen doikuntzaren berri, eta ziurtatu du apaltze horrek ez diela eragingo aurrekontuei, %9,3koa delako BPGaren hazkunde nominala. Indikatzaile hori bilketari lotua dago, eta ogasunen bilketa bide onetik doa. Araban, %12,4 igo da azarora arte, eta Gipuzkoak %13,3 gehiago bildu du. 2019ko azaroko datuen gainetik dago jadanik Gipuzkoa (+%3,9). Bizkaia gaur da jakinaraztekoa azaroko datua, baina urrirako kasik 2019ko maila berreskuratuta zuen.

Zerga bilketa handitu arren, handiagoa izan da erakunde publikoek egindako gastua, eta horrek zor publikoa handitu du. Espainiako Bankuak berritutako datuek diote Jaurlaritzak 11.470 milioi euroren zorra duela, BPGaren %16,3 gehiago. Azken hiruhilekoan txikitu egin da (-69 milioi euro), baina duela urtebetekoa baino nabarmen handiagoa da (+1.303 milioi). Nafarroak ere gutxitu egin du zorra azken hiruhilekoan (-7 milioi), eta handitu azken urtean (+148 milioi); guztira, 3.613 milioi zor ditu, BPGaren %18,3.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.