Plastikozko ehunka borobil aurkitu dituzte Hendaiako kostaldean

Surf Rider elkartearen arabera, ura iragazteko erabiltzen diren biomediak dira. Azken egunetako uholdeen ondorio izan daitekeela uste dute, baina ez dute identifikatu kutsaduraren iturria

Hendaiako kostaldean aurkitu dituzten plastikozko borobilak. SURFRIDER
2021eko abenduaren 15a
16:10
Entzun

Hendaiako kostaldean dagoen kutsadura salatu du Surf Rider ingurumen elkarteak sare sozialetan zabaldutako mezu batean. Plastikozko ehunka borobil aurkitu dituzte itsas bazterrean, urak ekarriak. Elkartearen arabera, ura iragazteko erabiltzen diren biomedia batzuk lirateke, eta itsas bazterrera azken egunetako uholdeek ekarri dituztela uste dute. «Gure laguntzaileetako batek 120 borobil bildu zituen igandean, ordubetean», adierazi dute. Beste lekukotza ugari ere jaso dituzte biomedietan kutsadura handia dagoela adierazteko, eta, egin dituzten behaketen arabera, Hendaiako hondartzetako metro bakoitzeko gutxienez biomedia bat ikusi dute.

Hondartzako eremutik harago, beste laguntzaile batzuek Bidasoa ibaian gora egin dutela esplikatu du Surf Riderrek, eta biomediak aurkitu dituzte leku gehiagotan ere. Besteak beste, Txingudiko badia nautikoaren parean, Kanetako portuan eta hamabi bat kilometro gorago ur bazterrean agertu dira plastikozko borobilak.

Surf Rider elkarteak esplikatu du ura iragazteko erabili ohi direla biomediak. «Biomediak erabiltzen dira mikroorganismoak finkatu daitezen, gisa horretara uretan zintzilik dauden gaiak ugaritu eta digeritzeko, higatutako urak iragazteko helburuarekin». Baina, ur araztegietako disfuntzio edo ahalmenik eza dela eta, maiz gertatzen da biomedia horiek naturan askatzea, ingurumen elkartearen hitzetan.

Kutsadura hau azken egunetako eguraldi gogorrarekin lotuta egon daitekeela uste du Surf Rider elkarteak, baina argitu dute haren jatorria eta kausa ezin izan direla oraindik identifikatu. Horregatik, herritarrei dei egin diete hondartzetan gisa horretako kutsadurak ikusiz gero elkartearen orrialdearen bidez jakinarazpena bidaltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.