Hedabideak

Hekimenek esan du euskarazko hedabideek ere COVID-19aren ondorioei aurre egiteko laguntzak behar dituztela

COVID-19aren ondorioei aurre egiteko hedabideei emandako laguntzen harira, tokiko euskal hedabideak baztertzea leporatu dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari. Egoera zail honetan beste hedabideei ere «modu berezian» lagundu nahi izan dietela esan du Zupiriak.

Jasone Agirre eta Bingen Zupiria, Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudian. RAUL BOGAJO/ FOKU
Edurne Begiristain-Irati Urdalleta Lete
2021eko abenduaren 17a
14:37
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak azaroaren 23ko batzarrean erabaki zuen bost milioi euroko diru laguntza programa bat ematea prentsa idatziari eta irratiei, COVID19-ak eragindako «lurrikara ekonomikoari» aurre egiteko: «egunkarien salmenten beherakada batetik, eta irratietako publizitatearen jaitsiera bestetik». Audientziaren arabera banatuko du Jaurlaritzak diru hori. Gaur, diru laguntzen banaketan euskarazko tokiko komunikabideak zer dela eta baztertu diren galdetu dio Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, Eusko Legebiltzarrean. Zupiriak Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzen banaketa defendatu du, esanez Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hedabide guztien «egonkortasuna bermatzeko politikak» dituela Jaurlaritzak. Haren hitzetan, euskarazko hedabideak ez dira zailen dutenak diru laguntzak jasotzeko, beraiei zuzendutako funtsak eta laguntzak egon badaudelako. Zehazki, gogoratu du euskal hedabideen mahai bat osatua dagoela, eta mahai horren bueltan sektorea «egonkortzeko» saiakera egin duela Jaurlaritzak, euskarazko hedabideak eta tokiko hedabideak laguntzeko 7,7 milioi bideratuta. Hedabideen sistema harago doala gaineratu du, eta pandemiaren eraginez bizi den egoera zail honetan beste hedabideei ere «modu berezian» lagundu nahi izan diela Jaurlaritzak. «Eta hori da egin duguna bost milioi euroko laguntza horiekin».

Hekimen Euskarazko Hedabideen Elkarteko zuzendari Igor Astibiari arrazoi hori ez zaio balekoa iruditzen euskarazko hedabide «ia guztiak» COVID-19agatik laguntzarik gabe uzteko: «Esaten du sistema oso bat dagoela eta euskarazkoek badugula gure deialdia. Hori egia da, eta azken urteetan aurrerapausoak eman dira zentzu horretan, baina hau aparteko laguntza bat da». Laguntzak ez ohikoak diren heinean, eurek ere jaso beharko lituzketela iruditzen zaio: «Laguntza horiek euskarazko komunikabideetara hedatu behar dira, euskarazko komunikabideek ere pandemiaren ondorioak pairatu dituzten heinean».

Eusko Jaurlaritzak laguntzak emateko erabilitako irizpideekin oso kritiko agertu da Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkidea. Kritikatu du bost komunikabide handiak izan direla diru laguntzen onuradun, eta, aldiz, tokiko hedabideek «zero euro» jaso dutela. «Oso zaila da hori ulertzea, desoreka handia dagoelako». Euskal komunikazio ekosistema arriskuan dagoela gogoratu du Agirrek: «Zuek erabaki duzue marrazo handiei bakarrik jaten ematea. Baina ekosistema batean behar dira ere arrain txikiak. Ez duzue ekosistema babestu, bakarrik ahorik zabalena eta hortz zorrotzenak dituztenak babestu dituzue».

Halaber, Jaurlaritzari aurpegiratu dio irizpide kuantitatiboa lehenestea, eta ez kualitatiboa. «Ez da egokia. Egoerarik zaurgarrienean daudenek laguntza gehiago beharko dute». Laguntzak emateko dekretua «neurrira egindako traje bat» dela salatu du Agirrek. «Euskarazko komunikabideek biziraun nahi badute oreka bat egon behar da, arrain handiak behar dira, baina txikiak egon behar dute bizirauteko. Diru publikoa erabili dezagun sistema hori eraikitzeko eta sendotzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.