Ikus-entzunezkoak

Valentziako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak 27 langile izango ditu

Jose Maria Vidal Valentziako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko presidenteak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Kultura batzordean. Nabarmendu du eskumen asko eman zaizkiola Kontseiluari.

Jose Maria Vidal legebiltzarrean mintzatu da. EUSKO LEGEBILTZARRA
urtzi urkizu
2021eko abenduaren 20a
17:14
Entzun

Aurten sortu dute, eta lehen pausoak ematen ari da Valentziako Ikus-entzunezkoen Kontseilua. Valentziako Gorteetako (Herrialde Katalanak) alderdi politikoen aldetik ez zuen kontrako jarrerarik izan erakundearen sorrerak —soilik PPk eskumen gutxiago eman nahi zizkion—, eta onespen zabala izan du. Jose Maria Vidal presidenteak kontseilu horren lehen pausoen berri eman du gaur Eusko Legebiltzarreko Kultura batzordean, EH Bilduk eskatuta, eta nabarmendu du neurri handi batean Frantziako eredua hartu dutela aintzat. Kontseiluko kideen osaketan, bederen, Frantziako eredua kopiatu dute: Valentziako Gorteek aukeratuak dira kontseiluko bost ordezkari, eta Generalitateko Kontseiluak aukeratuak beste bi. Gainera, datorren urtetik aurrera 27 langile izango ditu kontseiluak —horietatik zazpi Generalitatean ari ziren lanean Komunikazio sailean, lehiaketen eta frekuentzien alorrean—. 1.800.000 euroko aurrekontua izango du.

Funtzioz bete dute kontseilua. Vidalek nabarmendu du eskumen asko eman zaizkiola aurten legez sortutako kontseiluari: «Arduratuko da operadoreek publizitate arloan legea bete dezaten; haur, gaztetxo eta adinekoei begira edukietan legea bete dadin, baita desgaitasunak dituztenei dagokienez ere; arduratuko da ikus-entzunezkoen arloko gaietan gobernua eta parlamentua aholkatzeaz, legeak proposatzeaz, txostenak eta estatistikak lantzeaz, eta hedabide publikoen kontrolean egingo du lan».

Vidalek azaldu duenez, hedabide publikoak beste eragile batzuekin elkarlanean aritu daitezen bultzatuko dute. «Orain arte lankidetza gutxi zegoen tokiko irrati eta telebisten eta hedabide publikoen artean. Katalanezko tokiko irratiak eta irrati publikoa elkarlanean hasi dira, eta hori bultzatuko dugu».

Kontseiluak funtzio gehiago ere baditu: albistegien jardunaz txostenak egingo ditu; hedabideen erregistroa egingo du; kode deontologikoak eta praktika onen kodeak osatuko ditu; herritarren aholkuak eta eskaerak jasoko ditu; ikus-entzunezko artxibo bat sortuko du; eta hedagailuen gaia landuko du.

Landu dituzten lehen txostenen artean, bat suizidioari buruzkoa da, eta telebista publikoak indarkeria matxistaz egiten duen tratamenduaren ingurukoa bestea. Vidalek zera iragarri du: «Alfabetatze mediatikoaren gaineko lehiaketa bat antolatuko dugu. Gazteei begira, lan asko dago egiteko».

«Diktaduraren herentzia»
Espainiak ez du ikus-entzunezkoen kontseilurik; Kataluniak badu kontseilua, 2000. urtetik, eta Hego Euskal Herrian ez dago halakorik —Nafarroakoak 2001etik 2011ra iraun zuen, eta eskumen gutxiago zituen Kataluniakoak baino—. «Europako Batasunak behartzen gaitu kontseiluak izatera», ohartarazi du Vidalek. «Baina Espainian gobernuek kontrolatu dituzte ikus-entzunezko hedabideak, eta horrek eragina izan du kontseilurik ez sortzeko joeran». Valentziako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko presidentearen iritziz, horrek guztiak «Francoren diktaduran» du jatorria: «Gobernuak kontrolatzen zuen irrati-telebista publikoa. Gero, telebista autonomikoak sortu zirenean, eredu bera erabili, eta gobernuek kontrolatutako telebistak izan dira». Lizentzia pribatuak ematen hasi zirenean ere, haiek Espainiako Gobernuaren esku zeuden. Orduz geroztik, ordea, sekulako aldaketa izan du ikus-entzunezkoen sektoreak.

Vidalen arabera, gaur egun gakoa da streaming plataformen gaia. Valentziako Ikus-Entzunezkoen Kontseiluak agerraldi bat egin du berriki, Kataluniakoaren eta Andaluziakoarekin batera, Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege Orokor berria kritikatuz —laster onartuko da—. «Salatu dugu lege horrekin, dagoen bezala, erkidegoek ez dugula gaitasunik izango plataformen zaintza egiteko». Alemaniako ereduari erreparatuta, herrialde horretan landerretako kontseiluek parte hartzen dute plataformen eta telebisten edukien zaintzan. «Zenbait herrialdetan historia bat, hizkuntza bat eta kultura bat dugu, eta erkidegoek parte hartu beharko lukete plataformaren zaintzan».

Frantziako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko presidenteak ere hemendik gutxira egingo du agerraldia Eusko Legebiltzarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.