Indarkeria matxista

Fiskaltzak 121 urteko espetxe zigorra eskatu du Cabezudorentzat

Hainbat sexu eraso egitea, haur pornografia zabaltzea eta iruzur egitea leporatzen diote argazkilariari. Fiskalaren esanetan, Kote Cabezudok hamasei modeloren aurka egin zituen eraso horiek, 1992tik 2013ra bitartean. Haientzat milioi bat euroko ordain ekonomikoak ere eskatu ditu.

Elkarretaratze bat epaitegiaren aurrean, Kote Cabezudoren aurkako bigarren epaiketan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
2021eko abenduaren 22a
17:43
Entzun

Gipuzkoako Fiskaltzak 32 delitu leporatzen dizkio Kote Cabezudo argazkilariari, eta horiengatik 121 urteko espetxe zigorra eskatu du harentzat, haren aurkako auzibide nagusian. Besteak beste, hainbat sexu eraso egitea, haur pornografia egin eta zabaltzea, pertsonen intimitatea urratzea eta iruzur egitea egozten diote argazkilariari. Fiskalaren esanetan, Cabezudok hamasei modeloren aurka egin zituen eraso horiek, 1992tik 2013ra bitartean. Haientzat milioi bat euroko ordain ekonomikoak ere eskatu ditu.

Fiskalak salatu duenez, Cabezudo «moda argazkilari» izateaz baliatu zen «bere interes lizunak asebetetzeko». Hala, material pornografikoa egiteaz gain, posizio hura sexu erasoak egiteko erabili zuela adierazi du fiskalak, baita adingabekoei ere.

Akusatua behin-behineko espetxealdian dago Martuteneko (Gipuzkoa) kartzelan, 2018ko maiatzaren 4tik. 2020ko apirilean, auzitegiek behin-behineko espetxealdia lau urtera luzatzea erabaki zuten, legez ezarritako gehiengora, eta 2022ko udaberrian bukatuko litzateke, hortaz.

Kasuaren instrukzioa 2013an hasi zen, eta 2019ko uztailean itxi zen. Epaileak 47 delitu leporatu zizkion Cabezudori. Orain arte, argazkilaria bost aldiz kondenatu dute guztira. Aurtengo apirilean zortzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten, agintarien aurkako desobedientzia leporatuta. Zehazki, epaile batek eskatu zion adingabe bat agertzen zen zenbait argazki eta bideo saretik kentzeko, baina Cabezudok ez zuen bete agindutakoa.

Era berean, zigor arloko epaitegi baten beste epai baten zain dago, ustez Facebookeko profilean edukitzeagatik modelo bat barruko arroparekin agertzen zen irudi bat, epailearen agindua bete gabe. Gainera, 2022ko martxoan beste epaiketa bat izango du, antzeko gertakariengatik, urrian bigarren aldiz atzeratu ondoren.

Cabezudok modaren arloko argazkiak egiten jardun zuen hainbat urtez; besteak beste, First Models agentziarentzat lan egiten zuen, eta sona zuen. Gerora, harekin lan egindako hainbat modelok salatu egin zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.