Athletic 1-2 Real Madril

Gehiago merezi izan du Athleticek

Zuri-gorriek estu hartu dute bigarren zatian Real Madril, baina esku hutsik amaitu dute. Partidako hiru golak lehen 10 minutuetan sartu dituzte; Athleticena, Oihan Sancetek.

ainara arratibel gascon
2021eko abenduaren 22a
23:33
Entzun

Betisen aurka azken unean lortutako garaipenaren ostean, Athleticek beste garaipen bat eskaini nahi zien zaleei, Gabonetako oparia. Baina ez da posible izan. Gertu izan du gutxienez puntu bat urratzea Marcelinoren taldeak, batez ere bigarren zatian. Bizi eta zuzen jokatu du, erasora. San Mameseko zaleek gustuko duten moduan. Baina, azkenean, 1-2 galdu du Real Madrilen kontra. Partida bizia eta entretenigarria izan da, joko zuzenekoa.

Ero hasi da partida, lehen hamar minutuan hiru gol izan baitira. Horietako bi, ikusgarriak. 4. minutuan egin du lehenbizikoa Karim Benzemak, area ertzetik baloiari gurpila emanez egindako jaurtiketa batean, eta bigarrena ere frantziarrak, Athleticeko atzealdea nahastu den jokaldi batean. 0-2koarekin, bisitariek dena alde zuten ohikoak dituzten kontraeraso bizkorrekin jokatzeko. Baina Athleticek ez du etsitzen, eta 11.ean gol bikaina egin du Oihan Sancetek, area kanpoaldetik egindako jaurtiketa eder batekin.

Athletic bizirik zegoen berriz ere. San Mameseko zelaian zeuden bi taldeek joko zuzena egin ohi dute. Baloia izatea ez dute gustuko, eta dutenean berehala begiratzen diote aurkariaren ateari, pase gutxirekin hara iristeko asmoz. Horren isla izan da partida, futbola gustuko dutenentzat entretenigarria, bizia. Real Madrilek izan du hirugarrena egiteko aukera, baina bizkor ibili da De Marcos, Hazardi baloia kenduta. Minutuak aurrera joan ahala, Athleticek ondo egin du presioa, eta baloia gehiago izan du oinetan. Horri esker, nagusi izan da zelaian. Hobeto amaitu du lehen zatiko azken txanpa, espainiarrek baino. Nahiz eta ezin izan duen golik egin.

Bigarren zatiaren hasieran, haatik, baloiaren jabetza Real Madrilena izan da. Carlo Ancelottiren taldeak jaitsi egin nahi zuen apur bat jokoaren erritmoa. Izan ere, jakitun zegoen Athleticek bizi ekin nahi ziola bigarren zatiari, eta estutzen. Athleticek, berriz, sufritu egin du baloi jabetzarik gabe. Ez zuen lortzen pare bat eraso on segidan egitea, Real Madrili apur bat zalantzak sortzeko. Marcelino Garcia teknikariak gorago estutzeko agindu die jokalariei, bisitariek baloia horren erraz ez eduki ez zezaten eta akatsak behartzeko.

Horri esker iritsi da zuri-gorriek bigarren zatian izan duten lehen aukera, baina IƱaki Williamsek sarearen kanpoaldera errematatu du. Hauspoa eman dio horrek talde zuri-gorriari, eta San Mameseko zaleak ere estutzen hasi dira. Athleticen unerik onenak ziren, eta hiruzpalau aldiz iritsi da Courtoisen atera. Zuri-gorriak freskoago zeuden fisikoki, zelai erdiaren kontrola zuten, eta atzean sartu dute Real Madril. Ancelottiren plana argia zen: jokaldi isolatu baten zain egon, kontraerasoan atera eta hirugarrena sartzeko. Nico Williamsek gertu izan du berdinketa. Baina Courtoisek ondo erantzun du. Azken minutuetan, Agirrezabalak pare bat gelditu on egin ditu, eta hor amaitu da lehia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.