Memoria

Vicente Lertxundi oroitu dute, haren heriotzaren 60. urteurrenean

Egiari Zor fundazioak antolatu du egitasmoa, "Espainiako Estatuak Euskal Herrian eragin dituen biktima guztiak ofizialki aitortzeko garaia dela aldarrikatzeko”.

Ekitaldiko irudi bat, gaur, Donostian. IñAKI EGAñA
Nagore Arin.
2021eko abenduaren 26a
12:22
Entzun

Egia, itzaletik argira lelopean, Vicente Lertxundi Maioz preso anarkista donostiarraren heriotza oroitzeko egitasmo bat antolatu du Egiari Zor fundazioak. Donostian egin dute, Txomin-Eneako Ibai parkean, eta urteurrena baliatuta antolatu dute jarduna; izan ere, 60 urte bete dira Lertxundi Martuteneko espetxean preso zegoen bitartean jasotako "tortura bortitzen ondorioz hil zenetik".

Garai hartan zabaldutako bertsio ofizialaren arabera, Martuteneko erizaindegian artatu eta libre utzi zuten Lertxundi. Senitartekoek, aldiz, egiaztatu zuten funtzionarioek gogorki jo eta kolpatu egin zutela, eta adierazi zuten horregatik utzi zutela aske, espetxean bertan hil ez zedin. Azkenean, 1962ko abenduaren 27an hil zen, "hil egin naute, hil egin naute" intzirika. Inongo erakunde ofizialek ez zuen Vicenteren heriotzaren nondik norakoak argitzeko ikerketarik zabaldu.

Herentzia zitala

Egiari Zor fundazioak nabarmendu duenez, Lertxundirena ez da garai hartan gertatu zen tortura kasu bakarra, eta "frankismoak utzitako herentzia zital" gisa definitu du tortura. Gainera, fundazioko kideek azpimarratu dute Espainiako Gobernuaren "kolorea" edozein dela ere presente egon den zerbait dela tortura, "izan diktadura garaian, trantsizioan edota demokrazian".

Horregatik, "egia argitara ateratzeko" eta Lertxundi oroitzeko bildu dira Donostian, "Espainiar Estatuak Euskal Herrian eragin dituen biktima guztiak ofizialki aitortzeko garaia dela aldarrikatzeko”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.