Erremontea

Urrizak eta Labakak ez dute hutsik egin, eta txapela irabazi dute

Tentsio handiko partida, berdindua, jokatu dute Ansa II.ak eta Martirenak, baina Urrizak eta Labakak pilota gutxiago galdu dituzte, eta diferentzia txiki horrek eman die garaipena. 40 eta 37 irabazi dute.

Urriza, pilota astintzen. JON URBE / FOKU
2021eko abenduaren 31
00:36
Entzun

«Ez gara distiratsuak izan, baina sendotasunak eman digu garaipena». Javier Urrizaren hitz horiek laburbiltzen dute ederki erremonteko binakakoaren finala. Aurrelariak oso berdinduta aritu dira. 23 tanto egin ditu Urrizak, eta 22 Ansa II.ak; baina lau pilota galdu ditu aurrelari urdinak, eta hori izan da aldeetako bat. Seguru aritu dira bi aurrelariak, urduriago atzelariak, eta tanto detaile txikiek erabaki dute finala azkenean.

Partida taktikoa, trabatua, boladakakoa izan da. Oso berdindua, hasieran eta bukaeran batez ere —hamalau aldiz berdindu dute—. Eta hiru ekitalditan ebatzi da lehiaketa: lehen zatia oso berdinduta egin dute; bigarrenean gorriek aurrea hartu dute; eta hirugarrenean urdinek ia gainditu dituzte, baina gorriek errematatu dute azkenean.

Ansa II.ak eta Martirenak aurreneko aldiz jokatu dute txapelketa bat elkarrekin, eta Huitziko atzelariak lehen aldia zuen binakako final batean. Kontzentratuta hasi dira, hala ere, eta Ansa II.ak asko asmatu du lehen minutu horietan. «Frontoian lekua hartuta hasi naiz, nahi nuen lekuan jartzen nuen pilota», azaldu du Ansak beran bukaeran.

Urriza eta Labaka ere serio eta kontzentratuta kantxaratu dira, huts gutxi eginez. Lehen atsedenaldira urdinak iritsi dira aurretik, hamabost tanto eginda. Baina urrats batera zituzten gorriak, hamalau tantorekin. Hori izan da finalaren lehen ekitaldia; zortzi aldiz berdindu dute markagailua bitarte horretan.

Atsedenalditik itzuli bezain pronto aldatu da joera. Urrizak eta Labakak sei tanto egin dituzte segidan, eta 20 eta 15 jarri dira. Martirenak hiru pilota galdu, gorriek beste bat arrimatu, Ansak hurrengoa ezin altxatu... Urrizak kontrakantxara bidalita galdutako pilota batek eten du bolada (20-16).

Ansak zaintiratu bat izan du orduan, eta aldagelara sartu da. Itzuli denean urdinak «hoztu» eta zenbait tantotan partidatik aterata bezala geratu direla azaldu dute Ansak eta Martirenak berak. Gorriek aukera baliatu dute. Urdinek tanto pare bat egin dituzte, baina Ansari kanpora joan zaio bi pareta bat, eta Labakak beste hiru tanto egin ditu segidan sakez. Konturatzerako, 25 eta 19 aurreratu dira gorriak.

Urrizak hutsegite bakanetako bat egin du orduantxe: txapara bota du pilota. Baina urdinek ez dute aukera aprobetxatu, eta, pilota bera bezala, hara eta hona ibili da partida ordutik aurrera. Ansak bi pareta ikusgarri batekin lortu du 26 eta 21ekoa. Martirenak sakez egin du hurrengo tantoa, baina segidan beste errebote luze bat galdu du —Ansarentzat egokiagoa zena seguru asko—, eta hurrengo tantoa bote lasterrean biltzen ahaleginduta galdu du.

29 eta 22 jarri dira, eta itxura hartu du gorriek abiada hartu behar zutela bukaeraraino, baina Ansa II. eta Martirena orduantxe esnatu dira. Urnietako aurrelariak lau tanto eder landu ditu txokoan, aurrelarien eta atzelariaren arteko zuloak bilatuz, eta 29-26 arrimatu dira. Urrizak zabalean dotore harrotutako pilota batek berriro lau tantoko aldea eman die gorriei, eta 30-26 joan dira bigarren atsedenaldira.

Ansak beste masaje bat hartzeko baliatu du atsedena. Haizea hartuta itzuli dira urdinak, eta asmatzen hasi dira. Martirenak beste tanto bat egin du saketik, Labakak pilota bat galdu, Urrizak kanpora bidali du beste bat... 30na berdinduta jarri dira ia oharkabean —hamabosna egin dutenetik berdindu gabeak ziren—. Aurrea ere hartu dute urdinek, 30-31, eta bederatzi eta bateko partzial bat egin diete gorriei.

Baina Urriza ez zegoen etsitzeko. Serio jarraitu du lanean, eta atzean egin duen hurrengo tantoarekin berdin du partida 31 eta 31. Urdinek asmatzen jarraitu dute halere: Ansak landutako tanto bat aurrena, Martirenak atzean beste bat, 32 eta 33 aurreratu dira urdinak berriz. Eroso ari ziren momentu horretan, eta Urrizari pilotak belaunean eman dio sake batean airez sartzen saiatu denean (32-34).

Batzuen eta besteen hutsak eta asmatuak tartekatzen hasi dira, eta finalak bukaera oso bizia izan du. Martirenak errebotea itzuli ezinik galdu du pilota bat. Urrizak goiko koltxoira bota du beste bat. Segidan tanto ederra egin du. Baina Ansak atzean lortu du hurrengoa. Eta hurrengoa berak galdu du, pilota motz gelditu baitzaio. Beste pilota bat galdu du Ansak, eta hortxe berdindu dute 36na.

Edozein huts txikik partida ebatzi behar zuela ematen zuen, eta Ansak 37. tantoa bi aurkarien artean egin duenean ematen zuen urdinek aukerak zituztela txapela irabazteko. Baina Urrizak txapeldunaren marka atera du orduan, bi tanto indartsu egin ditu atzean, eta partida bukaerara amildu du. Ansa bi pareta zail baina eder bat egiten saiatu da, baina kanpora joan zaio, eta 39 eta 37 jarri dira.

Orduan atera zaio partidako irribarre txiki bakarra Urrizari, markagailuan 39. tantoa ikusi duenean. Labakak sakatu, eta tentsio batean jokatu dute azkeneko tantoa. Ansa gogor sartu da paretaren kontra arrimatutako pilota baten bila, eta joan egin zaio. Hortxe bukatu da: 40 eta 37. Iaz irabazi zuten txapelaren jabetza berretsi dute gorriek, eta Urrizak irabazi du partidako pilotari onenaren saria. Binaka irabazi duen zazpigarren txapela du Iruñeko aurrelariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.