Nafarroan eginiko proba diagnostikoen ia erdiak, positibo

Osasunbidearen arabera, 7.765 PCR eta antigeno test egin ziren atzo, eta horietatik, 3.350ek eman zuten positibo: %43

Erizain bat gizon bati antigeno test bat egiten, iaz Erriberri (Nafarroa) eginiko baheketa batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2022ko urtarrilaren 1a
16:39
Entzun

Izurri bat kontrolpean izateko faktore garrantzitsuenetako bat da diagnostikoa, aukera ematen duelako birusa hesitu, transmisio kateak eten eta gaitzaren hedatzea oztopatzeko. Uneotan, baina, COVID-19a kontrolik gabe ari da hedatzen Euskal Herrian. Transmisio komunitario horren adibide da positibotasun tasa: egunean egiten diren proba diagnostikoetatik zenbat diren positibo. Adituen arabera, izurria kontrolpean izateko, ehuneko hori ezin da izan %5 baino handiagoa. Nafarroan, %43,1koa da uneotan. Osasunbideak gaur emaniko datuen arabera, 7.765 PCR eta antigenoko proba egin zituzten atzo herrialdean, eta horietatik, ia erdiak positibo izan ziren: 3.350.

Adituen arabera, positibotasun tasa hain handi batek islatzen du gaitza azpi-diagnostikatua dagoela herrialdean. Horrez gain, diagnostikatzen diren positiboen erdiak baino gehiago (%54) «jatorri ezezagunekoak» dira jada, Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak argitaratutako azken txosten epidemiologikoaren arabera. Zer esan nahi du horrek? Bada, Nafarroako osasun zerbitzuek ez dakitela non ari den jendea koronabirusarekin kutsatzen, eta, uneotan, ez duela gaitasunik gaitzari arrastoa segitzeko.

Honakoa, baina, ez da Nafarroari soilik eragiten dion arazoa: Eusko Jaurlaritzak publiko eginiko azken buletin epidemiologikoaren arabera, abenduaren 29an, positibotasun tasa %35,1ekoa izan zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 33.388 proba diagnostiko egin zituen Osakidetzak, eta horien herenak (11.712) positibo izan ziren. Ordutik, Jaurlaritzak ez du datu gehiago argitaratu.

Lau hildako Nafarroan

Bestalde, COVID-19ak jota hildako beste lau pertsonaren berri eman du Nafarroako Gobernuak. Astea hasi zenetik, 13 lagun hil dira herrialdean, koronabirusagatik.

Ospitaleen egoerari dagokionez, atzo 15 paziente erietxeratu zituzten Nafarroako ospitaleetan; horietatik bi, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Uneotan, 160 pertsona daude COVID-19agatik ospitaleratuak Nafarroan, eta 26 paziente larri daude ZIUetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.