Astebete baino ez da igaro Barakaldoko emakumeek (Bizkaia) kalera jo zutenetik herrian izandako sexu eraso bat salatzeko, eta gaur berriro mobilizatuko dira, igandean gertatutako sexu eraso bat salatzeko. Antza denez, gizonezko batek sexu ukituak egin zizkion emakume bati taberna batean, eta, emakumeak gertatutakoa salatu zuenean, harekin zeuden lagun batzuek eta ustezko erasotzaileak liskarra izan zuten. Emakumea arin zauritu zen esku batean. Udaltzainak agertu zirenean, gizonezkoa atxilotu zuten, sexu erasoa egotzita, eta emakumearekin zeuden lagunetako bat ere identifikatu zuten.
Gaur 19:00etan elkarretaratzea egingo dute Herriko Plazan, Argitan elkarteak deituta, Erasorik ez erantzunik gabe goiburupean. «Astebete baino ez da igaro azken elkarretaratzea egin genuenetik, eta, orduan esan genuen bezala, ezelako erasorik ez da egongo erantzunik gabe geldituko denik», azaldu dute. «Matxirulo eta matxistek Barakaldoko emakumeak aurrean izango gaituzte; ez dute lekurik gure kaleetan, ezta gure bizitzetan ere».
Abenduaren 25ean, 38 urteko beste gizon bat atxilotu zuten Barakaldon, etxekidea zuen emakume bati sexu erasoak egiteagatik.