Errege Magoen desfileei eutsiko diete Iruñean eta Donostian

Iruñean, «ekitaldia aire zabalean denez», adierazi dute herritarrek erabaki beharko dutela bertaratu edo ez. Donostian, ehun lagun inguruk hartuko dute parte, eta kilometro bat luzatu dute ibilbidea. Danborrada ospatu edo ez urtarrilaren 7an erabakiko dute.

Errege Magoak Gasteizko tren geltokian, 2020an. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko urtarrilaren 3a
13:05
Entzun

Joan den astean, neurri murriztaileak iragarri zituztenean, batek baino gehiagok galdetu zien Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari: Errege Magoen desfileak egin daitezke? Bada, hiriburuetan hasi dira zalantzak argitzen: Iruñean eta Donostian, behintzat, egin egingo dituzte.

Iruñean, Errege Magoen Desfilea erakundeak gaur iragarri du aurreikusi bezala jarraitzea erabaki duela. Azaldu dute aire zabalean egiten den ekitaldi bat dela, eta herritarrek erabaki beharko dutela bertara joan edo telebista bidez ikusi: «Lehentasuna parte hartzaileen osasuna bermatzea izan da une oro, baita legeak errespetatzea ere».

Azken asteetan hainbat erakunderen eta adituren iritziak bildu dituztela azaldu dute: «Profesionalei entzun diegu, zientzialariei, baita gure bazkideei ere; eta, noski, herritarrak ere kontuan izan ditugu». Dena den, lehentasuna «Iruñeko haurren ilusioari» eman diote, eta, beraz, ospakizuna egitea erabaki dute.

Donostian, berriz, Jon Insausti Kultura zinegotziak gaur jakinarazi du aldaketak izango direla aurtengo desfilean, baina egin egingo dutela. Besteak beste, maskara jantzita eduki beharko dute une oro parte hartzaile guztiek, ibilbidea kilometro bat luzatuko dute, eta gozokiak banatuko dituzte, baina ez jaurti. Parte hartzaileen kopurua ere murriztu dute, ehun lagun ingurura. Iaz ez zen desfilerik egin Donostian.

Insaustiren hitzetan, «Udalak badu haurren artean ilusio eta poz apur bat zabaltzeko eginbeharra». Errege Magoak goizeko hamar eta erdiak aldera iritsiko dira Aietera, eta gero hirian zehar ibiliko dira, auto klasiko batean. Haurren gutunak arratsaldeko hiru eta erdietatik seietara jasoko dituzte, udaletxearen parean.

Danborrada bai edo ez?

Kultura zinegotziak danborradaz ere hitz egin du gaurko agerraldian. Donostiako Udaleko eta danborradako arduradunak hilaren 7an bilduko dira —hasieran, 10ean bilduko zirela esan dute—, urtarrilaren 20an San Sebastian eguna ospatu edo ez erabakitzeko. Insaustik azaldu du udala «borrokaz borroka» doala ospakizunen gaiarekin.

Adierazi du kontuan izango dituztela pandemiaren inguruko datuak eta neurriak, baina baita «festa horren alderdi sentimentala» ere.

Gasteiz eta Bilbo

Gasteizen ere Errege Magoen desfilea egiteko asmoa du Udalak. Joan den ostegunean, iragarri zuten ibilbidea moldatuko dutela erdialdetik urrundu eta kale zabalagoetan zehar ibiltzeko: «Aldaketa horiek modua emango dute segurtasun neurriak bete ahal izateko». Gehitu zuten ez dutela gozokirik botako, eta gogorarazi maskara erabiltzea nahitaezkoa dela une oro.

Horretaz gain, udalak Errege Magoen bideo bat zabaldu du gaur, non Erregeek haurrei esaten dieten Gasteizera bidean direla, iazko hutsa bete nahian.

Bilbon, berriz, udalak abenduaren erdialdean jakinarazi zuen ez dela ez Olentzero eta Mari Domingiren desfilerik eta ez Errege Magoenik izango. Horien ordez, musikal batzuk programatu zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.