Lehen mailako artan oraindik «tentsioa» agerikoa dela onartu du Sagarduik

14.708 positibo berri atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Birusaren transmisioak goraldian jarraitzen duela esan du Jaurlaritzako Osasun sailburuak, eta joera aldaketarik ez dela ikusten.

arantxa iraola
2022ko urtarrilaren 4a
12:59
Entzun

Lehengo astean COVID-19 kasuen jarraipena egiteko protokoloa aldatu zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Besteak beste, hainbat bide «telematiko» jarri zituen martxan gaitza dutela uste duten pertsonak eta haien kontaktuak osasun sistemarekin harremanetan jartzeko, eta jendeak norberak bere buruari testak egiteko guneak zabaltzera egin dute. Horiek horrela ere, lehen mailako osasun arretan «tentsioa» agerikoa dela onartu du Gotzone Sagardui sailburuak gaur goizean egin duen agerraldian. Egoera «apur bat» hobetu dela esan du, baina oraindik ere agerikoa dela izurriak eragindako lan zamari erantzun ezina. Eta lehendik dator hau; abenduaren hasieran ja utzi zituen Osakidetzak gaixo kronikoen jarraipena egiteko kontsultak-eta bertan behera: «aparteko larritasunik» ez zuten jarduerak atzeratzea erabaki zuten, larritasuna duten kasuei erreparatzeko. Ordutik, omikron aldaeraren ondorioz kasuetan izan den igoera handiak asko zaildu du egoera.

Izan ere, goraldi betean da birusaren transmisioa. Atzo 14.708 kasu berri atzeman zituzten Hego Euskal Herrian: 11.572 positibo detektatu zituen Osakidetzak (proben %39,4), eta 3.136 Osasunbideak. «Kutsatze egoera txarrean gaude», berretsi du Sagarduik. Azken egunotako gorakadaren dimentsioa erakusteko, intzidentzia metatuaren datua nabarmendu du: hamalau egunetan 100.000 biztanleko 4.898,55ekoa da orain; astebetean 2.613 puntuan igo da. «Aurreko astean mila puntukoa izan zen igoera», ohartarazi du. Erreprodukzio indizea, berriz, 1,41ean dago. Hala, sailburuak aitortu du joera aldaketarik ez dela aurreikusten «epe motzean». Eguberri giroan oraindik, izan diren jende topaketek-eta ekarriko dituzten ondorioei erreparatu behar zaiela nabarmendu du: «Adi jarraitu behar dugu».

Eskola sartzeari dagokionez, Hezkuntza Sailarekin batera harreman estuan ari direla azaldu du, eta esperantza dutela, batez ere, haurren txertaketan. 5-12 urte arteko umeentzako beste 36.000 dosi jaso dituztela adierazi du, eta gurasoei dei egin die: umeak txertatzera eramateko. Oraingoz erantzuna «ona» izan dela esan du. Araba. Bizkai eta Gipuzkoako umeen %34 txertoaren lehen dosia jasota daude orain. Umeak txeratzen diren heinean, eskoletako egoera «hobetzeko» esperantza dute osasun agintariek.

Erietxeetako egoerara begira, ez erlaxatzeko eskatu du Osasun sailburuak: «Ez gaitezen engainatu itxuraz omikron aldaerak duen larritasun urriagoagatik». Betetzen jarraitzen dute erietxeek, hein batean COVID-19 gaixoek behar duten arreta handiarengatik. Datu bat eman du Sagarduik, adibiderako: Eguberri egunean 3.000 pertsonak jo zuten larrialdietara, 300 pertsona erietxera bideratu zituzten, eta horietako ehun COVID pazienteak ziren. Atzo bertan gaitzak jotako 105 paziente eraman behar izan zituzten ospitaleetara. Eta gaitzaren ondorioz osasun arazo larriak dituzten umeak ere badira; lau haur daude orain ospitaleratuta, horietako bi ZIUetan.

Norberak bere buruari testak egiteko guneen defentsa
Osakidetzak norberak bere buruari test diagnostikoak egiteko guneak irekitzera egin du egunotan, eta horietara bideratzen dituzte pertsona asko. Horietan gaitzaren sintomak dituztenek edo haien kontaktuek antigeno testak egiten dituzte osasun profesionalen aurrean. Lan egiteko era horren defentsa egin du sailburuak, proba horiek, PCR testen ondoan, ezaugarri on bat dutela nabarmenduta: «Izan ere, test horien abantaila arintasuna da, eta egoera honetan helburua da jendeak ahalik eta azkarren jakitea kutsatuta dagoen». Nabarmendu du «transmisioa komunitarioa» dela orain, guztiz zabalduta dagoela, eta bizkortasun hori lehenetsi behar dela. Azaldu du denera osasun sistemak egunero 30.000 test inguru kudeatzen dituela: «Jai egunak izan iren arren, osasun zerbitzuak esfortzu handi bat egiten ari dira testak egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.