Hego Euskal Herriko ikasleak ere aurrez aurre itzuliko dira ikasgeletara

Txertatuta dauden umeek ez dute berrogeialdirik egin beharko positibo eman duen norbaiten kontaktu estuak direnean. Eguberrien osteko itzulera ez dute atzeratuko, eta aurretik jarritako datetan hasiko dituzte eskolak ikasleek. Espainiako Gobernuak nabarmendu du ikastetxeak leku seguruak direla.

Aranbizkarra ikas komunitateko ikasgela bat, Gasteizen, artxiboko irudian. RAUL BOGAJO /FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko urtarrilaren 4a
13:33
Entzun

Birusaren goraldi bete-betean egonagatik ere, Hego Euskal Herriko umeak ere aurrez aurre itzuliko dira ikastetxeetara. Gaur goizean hartu dute erabakia, Madrilen, Espainiako Gobernuko eta autonomia erkidegoetako ordezkariek egin duten bileran. Eguberrien osteko itzuleraz hitz egiteko bildu dira, eta erabakia argia izan da: maila guztietako ikasleak aurrez aurre itzuliko dira ikasgeletara, aurrez ezarritako egunetan. Bileraren ostean, prentsaurrekoa eman dute Espainiako Gobernuko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministro Pilar Alegriak, Unibertsitate ministro Joan Subiratsek eta Osasun ministro Carolina Dariasek. Behin eta berriz esan dute ikasgelak leku seguruak direla. Hego Euskal Herriko ikasle batzuk ostiralean itzuliko dira ikastetxeetara, eta gehienak astelehenean.

Eta zer gertatuko da ikaskideren batek positibo ematen duenean? Kazetarien galderei erantzunez, Dariasek esan du gizarte mailan dagoen protokoloa egongo dela ikastetxeetan ere. Beraz, positibo ematen duten ikasleek zazpi egunez egon beharko dute etxean —orain arte hamar egunean egoten ziren—. Positibo baten kontaktu estua izan eta negatibo ematen dutenen artean, berriz, aldea dago: txertatuta daudenek ez dute berrogeialdirik egin beharko, sintomarik ez badute; txertoa jaso ez dutenek, berriz, zazpi eguneko berrogeialdia egin beharko dute. Berrogeialdiak malgutzeko aukera ere zabalik utzi du Dariasek: alarma batzordeak egin beharko luke proposamena, eta Osasun Publikoaren Batzordeak aztertuko luke.

Txertaketa. Horixe da, Dariasen hitzetan, egun birusari aurre egiteko dagoen «armarik onena». Hori horrela, ikasleak eta gainerako herritarrak txertatzera deitu ditu: «Txertoek bizitzak salbatzen dituzte». Gainera, orain arteko neurriak mantendu beharko dituzte ikasgeletan: hala nola, aireztapena, maskararen erabilera —baita patioan daudenean ere— eta eskuen garbitasuna.

Unibertsitateei dagokienez, Subiratsek gogorarazi du unibertsitate gehienetan ikasleek azterketak izango dituzte hurrengo egunetan. Adierazi du aurrez aurre egingo dituztela, eta otsailean ere eskolak hala hasteko asmoa erakutsi du. Gainera, azaldu du aztertzen ari direla pandemiagatik azterketak egin ezin dituzten ikasleekin zer egin, deialdia gal ez dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.