Ingurumena

Donostiako Udalak gogoz kontra hartu du Urumea ibaia garbitzeko ardura

Eguzki talde ekologistak salatu du hainbat tona zabor pilatu direla ibaian. Udalaren iritziz, lanen ardura Uraren Euskal Agentziarena eta Kostaldeetako Zuzendaritzarena da. Uraren Euskal Agentziak, baina, adierazi du udalen eskumena dela «hiri hondakinen kudeaketa».

Urumea ibaian pilatutako hondakinak, Donostian. EGUZKI
Iosu Alberdi.
2022ko urtarrilaren 4a
16:57
Entzun

Bizikletak, armairuak, aulkiak, komunak...: hainbat tona zabor pilatu dira Donostiako Maria Kristina eta Mundaizko zubien arteko meandroan, Urumea ibaian. «Urpeko zabortegi bat Donostiaren bihotzean bertan», salatu du Eguzki talde ekologistak, eta eremua garbi edukitzeko neurriak exijitu dizkie erakundeei. Eskaerak Donostiako Udalaren erantzuna jaso du: prest dago garbiketa lanak egiteko, baina Uraren Euskal Agentzia eta Kostaldeetako Zuzendaritza egin ditu egoeraren erantzule, mantentze lanen eskumena haiena dela argudiatuta. Uraren Agentziak, ordea, BERRIAri jakinarazi dio udalen esku dagoela «hiri hondakin solidoen kudeaketa».

Urumea ibaiaren ezkerraldean pilatu dira hondakinak, 200 metro luze den «zabortegi batean», Eguzkik salatu duenez. Halere, talde ekologista eta Donostiako Udala ez datoz bat arazoaren erroei dagokienez. Miguel Angel Diez zinegotziaren hitzetan, ohikoa da «ingurumen kontzientziarik gabeko pertsonek» ibaira botatako hondakinak ikustea, baina uste du duela aste batzuetako euriteen ondorio dela azken egunetan pilatutakoa: «Orain ikusten dena prezipitazioen eta ur goraldi handien metaketa bat izan daiteke, Urumea ibaiaren meandroaren hondora eramango baitzituen hondakinak». Eguzkiko kideen esanetan, arazoa sakonagoa da, mantentze lanik ez egitearen ondorio bat: «Saiatuko dira beren erantzukizuna azken uholdeen atzean ezkutatzen, baina, egia esan, hondakin pilaketa askoz lehenago hasi zen errio zati horretan».

Eremua garbitzeko, beharrezkoak izango dira itsasontzi bat eta itsaspeko ekipamenduak, Diezen arabera. Horretarako, Hiri Mantentze eta Zerbitzuen Zuzendaritzak aparteko aurrekontu bat eskatu du, udalaren 2022ko aurrekontuek ez baitute halako lanetarako dirurik aurreikusten. Izan ere, udalaren esanetan, Uraren Agentziarena eta Kostaldeetako Zuzendaritzarena da Urumearen parte horretan mantentze lanak egiteko eskumena. Haiei eskatu die «konponbide bat bilatzeko», «etorkizuneko arazorik izan ez dadin».

Ardura, besteen gain

Udalaren arabera, EH Bilduren udal gobernuak eta Uraren Agentziak 2011-2015eko legealdian sinatu zuten hitzarmena da egungo egoeraren eragilea, eta esan du hura amaitu zenetik zehaztu gabe geratu dela ibaia mantentzearen gaineko eskumenen banaketa. Ohar batean azaldu dutenez, hitzarmenean jasota zegoen bost urteko epean udalak hartuko zuela hondakinen kudeaketa. Hari amaiera eman zitzaiola adierazi du, ordea, eta, beraz, Uraren Agentziak eta Kostaldeetako Zuzendaritzak hartu beharko luketela lanen ardura.

Uraren Agentziako Lan Hidraulikoen arduradun Aitziber Urkijo ez dator bat. Haren esanetan, 2015ekoa da agentziak Donostiako Udalarekin sinatutako azken ituna, eta, hura bost urterako hitzartu arren, oraindik ere martxan dago: «[Hitzarmenean] espresuki aipatzen da parte hartzaileetako batek uko egiten ez badio beste bost urterako luzatuko dela». Horrez gain, gehitu du EAEko Tokiko Erakundeei Buruzko Legeak argi zehazten dituela eskumenak, eta hala dagoela ezarrita agentziak 113 udalekin sinatutako protokoloetan: «Udalek dute eskumena hiri hondakin solidoak bildu eta tratatzeko zerbitzuak antolatzeko eta kudeatzeko». Hortik aurrera, udal bakoitzaren baliabide ekonomiko eta materialen araberako lankidetza ezartzen da, Urkijok azaldu duenez.

Hondakinak pilatu diren ibaiaren zatia kontuan hartuta, gainera, Uraren Agentziak ez luke zuzenean esku hartzerik izango, Urkijoren esanetan, haiek Kostaldeetako Zuzendaritzaren zaintzapean daudelako; hau da, Espainiako Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioaren pean. Udalak bazuen Ministerioko Kantauriko Ur Konfederazioarekin sinatutako akordio bat ere, baina, EH Bilduk jakinarazi duenez, hura 2020an geratu zen indarrik gabe, udalak ez zuelako berritu. Hala, koalizioak hainbat galdera egin dizkio egungo udal gobernuari, zehaztu dezan zein den udalak garbiketa lanetan azken urteetan izan duen eginkizuna,zein izango duen hemendik aurrera, eta zeintzuk diren hitzarmenak berritu ez izanaren arrazoiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.