Gomendatu dute Hegoaldeko ikasgelak ez ixtea gutxienez bost positibo egon arte

Osasun Publikoko Batzordeak gomendatu du ikasleak ez konfinatzea bost ikaslek edo ikasgelaren %20ak zazpi egunen buruan positibo ematen ez duenean.

Ikasgela bat hutsik, artxboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko urtarrilaren 7a
15:36
Entzun

Osasun Publikoko Batzordeak Hego Euskal Herriko ikastetxeetan berrogeialdiak ezartzeko irizpideak malgutzea gomendatu du: aurrerantzean, ikasgela osorik ez konfinatzea gomendatu du, zazpi egunean bost ikaslek edo gehiagok edo ikasgelaren %20ak positibo ematen ez badu. Espainiako Gobernuko eta autonomia erkidekoetako ordezkariek parte hartu dute bileran.

Neurri berriaren bidez, pandemiaren egungo egoerara egokitu nahi dute, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioaren esanetan. Txertaketa aurreratuta dagoela aipatu dute, baita ikastetxeak leku seguruak direla nabarmendu ere.

COVID-19a goraldi betean dagoela itzuliko dira Hego Euskal Herriko haurrak eta gazteak ikasgeletara. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak, esaterako, asteon iragarri du neurriak zorroztuko dituela: Lehen Hezkuntzako ikasgela bateko eta besteko ikasleak ezingo dira elkartu patioan, 6 urtetik gorako ikasleek maskara jantzita edukiko dute uneoro eta eskola kiroleko lehiaketak ere bertan behera utzi dituzte. Azken erabaki horri jarraiki, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek gaur esan dute ez dela eskola kiroleko lehiarik izango urtarrilaren 28ra arte.

Nafarroako Gobernuak ere bide beretik joko du. Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariaren hitzetan, hezkuntzako protokoloak indartzeko asmoa dute. Astelehenean helaraziko dizkiete ikastetxeei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.