Reala 1-0 Celta

Realak Celtari irabazi dio, eta bolada txarra eten du

Txuri-urdinek gol bakarra nahikoa izan dute gailentzeko; Mikel Oiartzabalek egin du, 13. minutuan. Rafael Alcantarak lehen aldiz jokatu du taldearekin, eta Alexander Isakek min hartu du.

Mikel Oiartzabal, partidako gol bakarra ospatzen. Gozotik ari da jokalari eibartarra. JUAN HERRERO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko urtarrilaren 8a
18:27
Entzun

Zazpigarrenean, bai. Realak irabazi egin du ligan, azaroaz geroztik estreinako aldiz. Txuri-urdinek Celta menderatuta lortu dute bolada eskasa etetea. Gol bakarra nahikoa izan dute donostiarrek, hiru puntuak bildu eta mamuak uxatzeko. Mikel Oiartzabal kapitainak egin du, partida hasi eta gutxira. Lehen zatian partida bideratuta, bigarrenean sendo jokatu eta garaipena lotu dute donostiarrek. Merezita irabazi du Realak.

Ezusteko batek zipriztindu du neurketaren atarikoa. Norgehiagokaren aurretik antigeno probak egin dizkiete jokalariei, eta David Silvak positibo eman du koronabirusean. Erdilaria deialditik kanpo geratu da. Kontuak horrela, asmoak moldatu egin behar izan ditu Imanol Alguacil teknikariak, eta Rafael Alcantarari hasieratik jokatzeko aukera eman dio. Brasildarrak lehen aldiz jantzi du elastiko txuri-urdina, eta sarri parte hartu du jokoan. Bere balioa erakusteko nahia eduki du.

Imanolek hura, eta Ander Gebara hautatu ditu berritasun gisa. Gasteiztarrarekin zelai erdiko lehia irabaztea izan du xede, eta eremu horretan gailenduta heldu da garaipenaren gola. Mikel Merinokpase luzea eman dio Oiartzabali, eta eibartarra, baloia oinei itsatsita, areara gerturatu da. Haren lehen jaurtiketa Dituro atezainak geratu du, baina alderatzea sareetara bota du kapitainak. Neurketako 13. minutuan aurreratu da Reala.

Behin abantaila hartuta, jokoak moteltzera egin du. Celtak baloi jabetza handiagoa izan du lehen zatian, baina eroso aritu dira etxekoak. Are, kontrarioaren atera jaurti duen talde bakarra izan da Imanolena.

Hala igaro da lehen erdia. Arrisku gehiegirik gabe. Saiatu dira txuri-urdinak, bai hegaletatik, bai zelai erditik. Jokaldi haietako batean min hartu du Alexander Isakek. Eskuin hegalean baloi bat lehiatzen ari zela lurrera jausi da. Handik minutu gutxira aldatu egin behar izan dute. Cristian Portuk ordeztu du. Hortik eta atsedenaldira artean ez da deus aldatu partidan. Reala ondo kokatuta egon da zelaian, eta Merinok aldea handitzeko aukera izan du etenaren atarian, baina haren errematea kanpora joan da.

Sendo, baina tentuz

Bigarren zatiari ere ondo ekindio Realak. Txuri-urdinek kontrolpean eduki dute Celta, eta galiziarrek gutxi egin dute erasora. Lasai antzean aritu da Alex Remiro neurketaren zati handi batean. Aldiz, donostiarrek aldez edo moldez egin dituzte saialdiak, eta errenta handitzear izan dira. Aritz Elustondok gola egin du 60. minutuan. Beasaindarrak sareetara errematatu du Adnan Januzajek egindako erdiraketa, baina jokoz kanpokoa adierazi du Cuadra Fernandez epaileak. Aritz apur bat aurreratuta zegoen.

Sendo aritu da Reala. Celtak ez du estutu, eta gertuago egon da etxekoen bigarrena, berdinketa baino. Rafaelek eduki du bere lehen gola egiteko abagunea, 66.ean, baina ez du lortu. Hortik aurrera ere nagusi izan dira Imanolenak, baina abantaila murritza zen, eta bisitarien eraso bakoitzak sufrituarazi egin du, nahiz arriskua tantaka sortu.

Azken minutuetan apur bat estutu du Celtak, baina txuri-urdinek eutsi diote. Remiro ere ondo aritu da atepean. Azkenerako, Oiartzabalen golak balio izan du, eta irabazi egin du Realak. Zazpi partidaren ostean garaipenaren bidera itzuli da.

Clemente, Realera

Partidako atsedenaldian fitxaketa baten berri eman du Realak. Enrique Clemente Donostian ariko da sasoia amaitu artean, Zaragozak utzita. Ekainean erdiko atzelaria erosteko ahalmena izango du klubak. Hasiera batean, Reala B indartzeko xedez ekarri dute, baina bai jokalariak, bai klubak, zabalik dute hura lehen taldearekin aritzeko aukera. 22 urteko futbolaria da, eta erdiko atzelari gisa nabarmendu den arren, ezker hegalean ere jokatu dezake.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.