Reala 1-0 Athletic

Nerea Eizagirreren gol batek erabaki du derbia

Realeko jokalariak gol ikusgarria sartu du 22. minutuan. Bigarren postuan sendotu da Reala, eta bosgarren da oraindik Athletic. 

Realeko jokalariak, gaur, Anoetan, garaipena ospatzen. GORKA RUBIO / FOKU
2022ko urtarrilaren 9a
17:56
Entzun

Ezin hobeto hasi du urtea Realak. Urteko lehen derbia jokatu dute gaur, Anoetan, Realak eta Athleticek, eta etxekoak gailendu dira (1-0), Nerea Eizagirrek 22. minutuan sartutako gol bikain bati esker. Ligan jokatu dituzten hamasei neurketetatik hamahiru irabazi dituzte txuri-urdinek.

Athleticek ez dio erraz utzi, ordea. Partida indartsu hasi dute bi taldeek. Amaiurrek eman du etxekoen lehen abisua, eta Luciak gola ere sartu du Athleticentzat, baina jokoz kanpo zegoela adierazi du epaileak. Berehala heldu da Eizagirreren gol erabakigarria, area kanpotik. Hegan egin du Mariasun Quiñonesek, baina ez da heldu Realeko atezain ohia. Bere buruari urtebetetze oparia egin dio Eizagirrek.

Atsedenaldira bitartean hobea izan da Athletic, eta estutu du Reala, baina golik sartu gabe. Unzue izan da zuri-gorrien jokalaririk arriskutsuena minutu horietan.

Bigarren zatian are eta hobeto zelairatu dira bisitariak. Lehen zatian nagusiki Realarena izan da baloi jabetza, baina ez bigarrenean, eta sufritu egin dute etxekoek. Aukerarik argiena 71. minutuan izan du Luciak, baina baloia bultza besterik egin behar ez zuenean ez du asmatu aurrelariak. Hortik aurrera, pixkanaka, motelduz joan da norgehiagoka.

Gauzak hala, sailkapeneko bigarren postuan sendotu da Reala; bederatzi punturen aldea du Atleticorekiko. Athleticek, berriz, bosgarren jarraitzen du, Real Madrilekin berdinduta.

Reala: Lete; Iraia, Vanegas, Etxezarreta, Rabano; Gemma (Jensen, 79'), Arnaiz; Amaiur (Izarne, 90'), Gaby, Eizagirre (Allegra, 63') eta Franssi.

Athetic: Quiñones; Oihane, Valdezate, Garazi, Moraza; Istillart, Unzue (Itxaso, 81'); Azkona, Erika (Pinedo, 71'), Lucia (Eunate, 81') eta Peke (Arana, 70').

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.