EUSKAL SAGARDOA

Ostiralean hasiko da «merezitako» sagardo garaia

Inoizko uztarik handiena izan dute sagardogileek: Euskal Sagardoaren barruan 3,5 milioi litro egin dituzte, bertako 250 sagastietako bost milioi kilo sagar erabilita. Ezohiko egoera bati aurre egiteko «erronka eta konpromisoa» hartu du sektoreak.

Euskal Sagardoa jatorri izeneko sagardogileak eta arduradunak, gaur, Donostiako San Telmo museoaren aurrealdean. ENEKOITZ TELLERIA SARRIEGI
enekoitz telleria sarriegi
2022ko urtarrilaren 11
11:43
Entzun

Donostiako San Telmo museoan aurkeztu dute gaur 2022ko sagardo garaia, lelo esanguratsu batekin: Sagardotegi denboraldia merezi dugulako!. Han izan dira, Euskal Sagardoa jatorri izeneko ordezkariak ez ezik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sagardogileen elkarteen eta sagargile elkarteen ordezkariak, eta ezohiko egoera bati aurre egiteko «erronka eta konpromisoa» hartu dituzte, «lanerako protokolo zehatzak garatu eta sagardo berria eta sagardotegiko esperientzia bezeroei modu erakargarri batean dastatzera emateko».

Uzta «historikoa» izan dute, «inoizko handiena»: Euskal Sagardoaren barruan 3,5 milioi litro egin dituzte, bertako 250 sagastietako bost milioi kilo sagar erabilita. Nolakoa? «Geroz eta zailagoa da galdera horri erantzutea. Sagardotegi bakoitzak bere sagardoa egiten duelako, eta sagardotegi bakoitzaren barruan ere badirelako sagardo ezberdinak», azaldu du Unai Agirrek, Euskal Sagardoa jatorri izeneko koordinatzaileak. Orokorrean, iaz baino sagardo «arinagoak» dira aurten, «lurrintsuak» eta «alkohol graduazio txikixeagokoak».

Ostiralean irekiko dituzte ateak sagardotegiek, eta, hilaren 28ra bitartean, Eusko Jaurlaritzaren dekretuak irauten duten bitartean, orain arteko protokoloei eutsiko diete: sagardogileek mahaira eramango dute sagardo berria, pitxer edo botila gardenetan, eta bakoitza bere txarteltxoarekin edo azalpenekin. Otorduan, pitxerra betetzera ere altxa daiteke mahai bakoitzeko arduraduna, eta sagardogilearen laguntzarekin beteko du taldeak dastatu nahi duen edo sagardogileak gomendatzen duen upeleko sagardoa. «Sagardotegi bakoitzak moldatuko du protokolo hori bere sagardotegiaren ezaugarrietara. Eta, osasun egoeraren arabera, protokoloa bera ere moldatuko dugu», iragarri du Olatz Mitxelena teknikariak.

Unai Agirre koordinatzaileak jakinarazi duenez, sagardoaren prezioa %10-20 inguru igoko da aurten: «Sagarrak, beirak, kartoiak, argindarrak... guztiak egin du gora, eta sagardoak ere gora egingo du ezinbestean, lehendik ere errentagarritasun txikiko produktua izaki, gaur egungo egoerara moldatuz joateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.