Okupazioa

Ertzaintza gazteei oldartu zaie Gasteizko Zentro Sozialista husteko operazioan

Ertzaintzak hainbat gazte identifikatu ditu, eta bi gazte atxilotu. Hiru pertsona ospitaleratu dituzte oldarraldiaren ondorioz. Elkarretaratzea egin dute gertatutakoa salatzeko.

2022ko urtarrilaren 13a
11:23
Entzun

Ertzaintzaren aginduz, gaur hustu dute Gasteizko Zentro Sozialista: 13:15ean hastekoak ziren eraikina husten, baina Ertzaintza goizean goizetik joan da bertara. Horren esperoan, hainbat gazte bildu da inguruan, eta horietako bat Dato kaleko Laboral Kutxaren eraikinean kateatu da, protesta modura. Jendetza gerturatu da kateatu den gazteari babesa adieraztera.

Orduan, tentsio uneak bizi izan dira Ertzaintzaren eta gazteen artean. Bertan izan da Unai Etxenausia BERRIAko kazetaria, eta, hartu dituen irudietan ikusten denez, eraikina inguratu, gazteak indarrez kanporatu, eta oldartu egin zaie Ertzaintza. Gazteetako zenbait identifikatu egin dituzte, eta bi atxikita eraman.

Bitartean, Laboral Kutxaren eraikinean kateatuta segitu du gazteak, eta hari babesa adierazteko oihuak entzun dira. Zentro Sozialistako kide baten hitzetan, «Gasteizko Zentro Sozialista hustuko dutela salatzeko kateatu da».

Eraikina husteko garaia gerturatu ahala, Zentro Sozialista dagoen Monseñor Estenaga kalea itxi dute Ertzaintzako agenteek. Hainbat furgoneta izan dira eremu horren bueltan, eta drone bidez kontrolatu dute ingurua.

Ondotik, gazteak mugitu dira Dato kaletik, eta Zentro Sozialistara gerturatzen hasi dira, «Zentro Sozialistak aurrera» oihu artean.

Gazteek giza kate moduko bat egin dute, eta Ertzaintzaren pareraino gerturatu dira. Orduan, tentsio uneak bizi izan dira berriz ere, eta agenteek gazteen aurka egin dute. Hiru pertsona ospitaleratu dituzte oldarraldiaren ondorioz. Kontseilu Sozialistak zabaldutako informazioaren arabera, hogei lagun baino gehiago zauritu dira ertzaintzaren oldarraldiaren ondorioz.

Zentroa itxi dutela salatzeko, elkarretaratzera deitu dute Kontseilu Sozialistak eta Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak. Protesta egin dute arratsaldeko 18:30ean, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan.

Akordiorik ez Laboral Kutxarekin

Zentro Sozialistako kideak gaineratu du azken hilabeteotan Laboral Kutxarekin hitz egiten saiatu direla, «akordio bat lortzen», baina «entzungor» egin dietela.

«Argi gelditu da interes pribatuei soilik begiratzen dietela. Izaera progresista bat daramate, baina banku milioidun bat da. Alde horretatik, egun bizi izaten ari garen egoeraren agente bat gehiago da, langile klasearen aurkako ofentsiba bat aurrera daramana», adierazi du kideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.