Eskoletako osasun protokoloak «desegokiak» direla salatu dute hezkuntzako langileek

Greba mugimendu zabala egin dute Ipar Euskal Herrian hezkuntzako langileek. Mila pertsona inguru bildu dira sindikatuek deituta Baionan egin duten manifestazioan. Frantziako Hezkuntza Ministerioak osasun krisiari eman dion erantzuna salatu dute. 

Baionan eginiko manifestazioaren irudi bat. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko urtarrilaren 13a
13:31
Entzun

Mobilizazio jendetsua egin dute gaur goizean hezkuntzako langileek Baionan, osasun krisia hasi denetik Frantziako Hezkuntza Ministerioa izaten ari den kudeaketa salatu eta baliabide gehiago eskatzeko. Sindikatu nagusiek greba deialdia egina zuten, eta erantzun zabala izan du. Mila pertsona elkartu dira Baionako suprefetura aitzinean, eta handik Pirinio Atlantikoetako Departamenduko akademia ikuskariaren bulegoetara joan dira. Gaur egun posturik gabe diren irakasleen izenean gutun bat irakurri dute: «30 eta 60 ikasgela artean ixten dira egunero irakasle ordezkoen eskasiagatik», salatu dute, lanpostu batean integra ditzatela eskatuta.

Hezkuntza komunitatearen haserrea handituz joan da azken hilabeteetan, eta Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak agindutako azken protokoloarekin lehertu egin da. Beste neurrien artean, ikasgela batean COVID-19 kasu positibo bat detektatuz gero, ikasleek hiru test egin behar dituzte lau egunean, eta lehenengo test negatiboarekin itzultzen dira ikasgelara.

«Orain arte, haur bat positibo zelarik, etxera bidaltzen genituen, denak testatzen genituen, eta hiru positiborekin gela ixten genuen. Bazituen desabantailak, baina bederen argi zen», esplikatu du Patxi Tikoipe Bidarteko (Lapurdi) eskola publikoko irakasleak. «Hor, haurrak etxera bidaltzen ditugu, eta berriz heldu dira. Handik bi egunera berriz testatu, lau egunera berriz testatu... etengabe joan-etorrian ari dira. Ezin dugu lan egin. Ezin dugu lan serios bat egin haurrekin». Amaia Lafitte Uztaritzeko (Lapurdi) ikastolako irakasleak ere «biziki pisua» dela erran du. «Kudeatu behar dira kasu positiboak, kontaktu direnak, eta etxean diren haurrak ere segitu behar dira. Biziki konplikatua da».

Sindikatuen hitzetan, hezkuntza komunitate osoa «nekatua eta sumindua» da. «Egoera kaotiko honetan, [Frantziako] Hezkuntza Ministerioaren erantzukizuna erabatekoa da, etengabeko aldaketen, atxiki ezinezko protokoloen eta hezkuntzaren funtzionamendua bermatzeko baliabide faltaren ondorioz». Salatu dute epidemia «anplifikatu» bada ere eskolak ez duela «babes antolaketarik» ikasleen, langileen eta familien «segurtasuna bermatzeko». Paristik agindutako azken protokoloak ikasketa baldintzak «anitz zaildu» dituela erran dute, eta lan baldintzen «okertzea» deitoratu dute.

Grebalarien iritziz, ezinbestekoa da hezkuntzako langile gehiago kontratatzea. Ikasgeletarako ekipamendua ere eskatu dute: Frantziako Estatuak ordaindutako CO2 neurgailuak, norberak egiteko testak eta FFP2 maskarak nahi dituzte irakasle guzientzat, maskarak ikasle guzientzat, eta eskuak garbitzeko gela. Eskoletako osasun langile gehiago behar dela ere aldarrikatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.