Felix Ormazabal hil da, Arabako ahaldun nagusi ohia

EAJko Arabako lehendakaria eta legebiltzarkidea ere izan zen. Ramiro Gonzalez Arabako Diputatu Nagusiak eman du heriotzaren berri.

Felix Ormazabal, 2005ean ateratako argazki batean. BERRIA
2022ko urtarrilaren 15a
15:15
Entzun

Felix Ormazabal Arabako ahaldun nagusi izandako eta EAJko kide historikoa zendu da, 81 urte zituela.

Nekazaritza eta Arrantzako kontseilaria ere izan zen Ormazabal 1979an, bigarren Eusko Kontseilu Nagusian, eta postu berean jarraitu zuen hurrengo urtean ere, frankismoaren osteko lehen Eusko Jaurlaritzan sortu zenean, 1988. urtera arte. 1987tik 1995era EAJko Araba Buru Batzarreko lehendakaria izan zen, eta baita EAJko legebiltzarkidea ere, 1984. eta 1995. urteen artean. Horren ondoren, ahaldun nagusiaren kargua hartu zuen 1999. urtera arte. 2005ean hartu zuen erretiroa, azken urteak Jaurlaritzako garraio sailean igaro ondoren.

Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak eman du araiarraren heriotzaren berri, sare sozialen bidez. «Oroitzapen politiko eta personalak nahasten diren honetan, bere bizi osoa Araba eta Euskadi hobetzeko lan egin zuen pertsona bat omendu nahiko nuke. Goian Bego, Felix», adierazi du Gonzalezek.

Kike Fernandez de Pinedo EH Bildu Arabako Biltzar Nagusietako bozeramaileak ere doluminak eman dizkie Ormazabalen ingurukoei sare sozialen bidez: «Gure doluminak Felix Ormazabal diputatu nagusi ohiaren familiari eta ingurukoei!».

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak, berriz, adierazi du «tristezia sakon bat» eragin diola Ormazabalen heriotzak: «Gizatasunez eta ontasunez beteriko ondarea utzi digu».

Ormazabali buruz esan du «hutsune bat» utzi duen «benetako abertzalea» zela, «bere herriarekin engaiatuta zegoen gizon on bat». Hala ere, nabarmendu du «arrasto sakona» utzi duen pertsona bat izan dela: «Bere herrian eta lurretan errotuta zegoen, literalki. Mundu gizona zen, baina bere oinak Araiako zelai berdeak zapaltzeko irrikaz zeuden beti».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.