Lan erreforma

ELAk eta LABek lan erreformaren aurkako manifestazioetara deitu dute hilaren 30erako

Mobilizazioak antolatu dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan, eta, ezusteko handirik ezean, ez da greba orokorrik egingo. Galizian eta Katalunian ere egingo dira mobilizazioak

Urtarrilaren 30eko manifestazioa deitu duten sindikatuetako ordekzariak, gaur, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko urtarrilaren 17a
13:26
Entzun

Manifestazio handiak bai, baina greba orokorrik ez. Ez behintzat ezusteko handirik ezean. ELA, LAB, ESK, Hiru eta Etxalde sindikatuek lan erreformaren aurkako mobilizazioetara deitu dute hilaren 30eko eguerdirako (12:00). Egun horretan bertan Katalunian eta Galizian egingo diren manifestazioekin bat egingo dute, Espainiako Parlamentuan ordezkaritza duten «alderdi subiranistei» erreforma ez babesteko eskatuko dietelako. Legearen bozketaren bezperan ere egingo dituzte kontzentrazioak. Hori bai, ondo bidean, greba orokorrik ez. Are gehiago, ELAk eta LABek ez dute argibiderik eman hura antolatzeko aukera eta negoziazioen inguruan.

Euskal Herriko gehiengo sindikalak uste du badagoela lan erreforma atzera bota edo aldaketa garrantzitsuak egiteko aukera. Hura onartzeko epea otsailaren 7an amaituko da, eta astebete lehenago saiatuko dira azken estualdia ematen. ELAk eta LAB batasun irudia berreskuratzen saiatu dira deialdi bateratua egiteko, baina haren aurkezpen ekitaldian agerian gelditu da grebaren inguruko jarrera ezberdinak dituztela. Mahaian Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia eta Garbiñe Aranburu LABekoa egon arren, greba deialdiari buruzko galderak Nagore Landa Steilaseko ordezkariak erantzun ditu: «Gaur erreformaren inguruan eta mobilizazioei buruz hitz egitera etorri gara». Baztertua dago greba orokorra? «Greba erreminta bat da. Ikusiko dugu».

30eko mobilizazioetara Galiziako eta Kataluniako hainbat sindikaturekin batera deitu dute, eta bi eskakizun zehatz egingo dituzte: kaleratzeak zailtzea eta inor kaleratzekotan 45 eguneko kalte ordaina berreskuratzea, eta Euskal Herri mailako eta probintzia mailako lan itunek lehentasuna izatea. Lakuntzak azken eskaera horren inguruan dauden zalantzak argitu ditu: «Euskal Herriko itunak Espainiakoaren aurretik daudela diote, baina ez dago horren bermerik, eta Confebaskeko zerbitzu juridikoek badakite hori. Lanbide arteko 2017ko akordioak gabezia batzuk dauzka, eta gabezia horietatik datoz segurtasun juridikotik. Hemen akordio bat egon da, baina guk beti esan dugu: norbaitek erabakitzen badu epaitegietara jotzea, arriskuan jartzen du akordioa. Berme juridikoa nahi dugu, eta egun eztabaida badago, horregatik dago, berme hori ez delako sartu erreforman».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.