Txertaketa agiria onetsi du Frantziako Parlamentuak

Zenbait diputatuk helegitea ezarri dute Kontseilu Konstituzionalean, eta ostegunean espero da haren erantzuna.

Ostalari bat osasun ziurtagiria egiaztatzen, artxiboko irudian. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko urtarrilaren 17a
14:59
Entzun

Osasun ziurtagiria txertaketa ziurtagiri bilakatu nahi du Frantziako Gobernuak. Neurria urtarrilaren 15ean indarrean sartzekoa zen, baina lege joan-jinkarian gorabeherak izan ditu lege proiektuak. Azken finean, Frantziako Asanbleako diputatuek alde egin zuten atzo gauean. 215ek egin dute alde, 58k kontra, eta zazpi abstenitu dira. Halere, diputatu batzuek helegitea jarri dute Frantziako Kontseilu Konstituzionalean, zenbait neurri «norberaren askatasunaren» kontrakoak direlakoan.

Kontseilu Konstituzionalak, beraz, datorren ostegunean ematekoa du helegiteari buruzko erabakia. Onartuko balu, ostiralean bertan sartuko litzateke neurria indarrean. Dena den, Frantziako Gobernuak prefetei utzi die indarrean sartzeko eguna aukeratzeko hautua.

Txertaketa ziurtagiria derrigorrezkoa izanen da hainbat leku publikotara sartzeko; orain arte osasun ziurtagiria eskatzen zen lekuetan sartzeko, erraterako. 16 urtetik gorako herritarrek beharrezkoa izanen dute; aldiz, 12 eta 15 urte artekoek osasun ziurtagirira erakusten ahalko dute —PCR edo antigeno proba negatibo batek balioko die—. Bestalde, leku publikoetako langileek eskubidea izanen dute bezeroen nortasun agiria kontrolatzeko, txertaketa ziurtagiriarekin bat egiten duela egiaztatzeko. Zenbait salbuespen izango ditu, ordea: ospitaleetara eta zahar etxeetara sartzeko, PCR edo antigeno proba batek balio ahal izango du.

Anartean, osasun ziurtagiriaren eta txertaketa ziurtagiriaren kontrako manifestazioek segitzen dute. Iragan larunbatean, ehunka lagun bildu ziren Baionan neurria salatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.