Ikus-entzunezkoak

Noren ipurdia utziko dute oraingoan bistan?

Atzean Zuloa ekinbideak bideo esketx denboraldi berria iragarri du. Bideoetako baten jomuga jarraitzaileei aukeratzen utziko diete, eta galdezka hasi dira jada.

Nerea Aranburu aktorea, danborradazalearena egiten. ATZEAN ZULO
Edu Lartzanguren.
2022ko urtarrilaren 18a
19:32
Entzun

Atzean Zuloa egitasmoak umorezko ikus-entzunezko laburrak sortzen ditu, eta horietako bakoitzean, gizajende mota bati egiten diote barre. Bosgarren sasoia berehala estreinatuko dutela iragarri dute. Denera, hamar bideo argitaratuko dituzte. Sasoi honetan, berritasun bat daukate: bideoetako batean parodiatu beharreko pertsona mota jarraitzaileei proposatzeko eskatu diete.

Dagoeneko hasi dira proposamenak egiten: zikloturistak parodiaturik ikustea nahi du Urko Arana Twitterlariak, esaterako.

Nerea Aranburu eta Ivan Aizpurua aktoreek antzezten dituzte bideo esketxak. 2018. urtean hasi ziren lan horretan, Donostiako Bagera Elkartearen eta Hiru Damatxo ekoiztetxearen laguntzarekin. Orain arte, euskal gizarteko 32 arketipo parodiatu dituzte: ondozalea, Iparraldez maiteminduriko hegoaldetarra, furgonetazalea, artisau garagardoaren ebanjelaria... Horietako bakoitzak berezia dela uste duen arren, beste edonork bezala atzean zuloa daukala argi uzten saiatzen dira.

«Euskararekiko zenbait jarrera deseraikitzea zen helburua, era anonimo batean. Betiere, ironia eta umorearen bidetik, gehienok gugan ditugun kontraesanetan arakatuz. Beste modu batetara esanda, nor bere erosotasunetik ez ateratzeko erabiltzen ditugun diskurtso eta jarrerak deseraiki nahi genituen», azaldu dute sortzaileek.

«Ezbairik gabe, geure buruari barre egitea da asmoa», esan zion Aranburuk BERRIAri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.